Elizondoko eskolak bilera urgentea eskatu dio gobernuari jantokia arautzen duen dekretua konpontzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 13:00

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak herritarren eskura jarri zuen Foru Dekretuaren proiektua, eskola jantokiak arautzen dituena, otsailaren 5etik 26ra. Tarte horretan hainbat ikastetxe, guraso eta guraso elkartek proposamenak idatzi zituzten, lege berrian ikusten dituzten hutsuneak konpontzeko asmoz. Baina Elizondoko Eskolak salatu duenez, «departamentuak guretako ezinbertzekoak ziren proposamenak ezeztatu ditu».

Lege berriak «ikastetxe eta guraso elkarteetako kudeaketan arazo gordinak» sortuko dituela ikusirik, Elizondoko Eskolak bilera urgentea eskatu dio Hezkuntza Departamentuari eta hurrengo eskariak egin dizkio:

  1. Erabiltzaile guziendako prezio berbera jartzea. Adierazi dutenez, «araudi berriak ez du jantokiko prezio duin bat bermatzen. Azkeneko bi urteetan, ikastetxe publikoetan, familiek hilero 200 euro inguru ordaintzen dute seme-alaba bakoitzeko. Familia aunitzek ezin dute menua ordaindu eta aitatxi-amatxiengan uzten dute zeregina. Lege honek ez dio arazoari irtenbiderik ematen eta ez du familien kontziliazioa ahalbidetzen. Eskola publikoak izanik, jantoki zerbitzu publiko eskuragarriak eskaini beharko lituzkete».
  2. Departamentuak Nafarroko ikastetxe publiko guzietako jantokiak bere gain hartzea. Araudi berriak «jantoki (eskualdekoak/arruntak) eta jatunen (garraiatuak/ez garraiatuak) arteko ezberdintasuna egiten du, gaur egun zentzurik ez duen bereizketa. Ikasleak garraiatuak diren ez edo irizpide nagusitzat hartuta, ez da bermatzen herritar guzien eskubide eta baldintza berdintasuna».
  3. Departamentuak jantoki guzien ardura hartzen ez badu, guttienez jantoki arrunten eta eskualdekoen kudeaketa lagunduko duten arduradunak eremuka ezartzea. Hezkuntza Departamentuak «bertze aldera begiratu du, kudeaketaren ardura ekonomikoa, sanitarioa eta soziala guraso elkarteetako boluntarioen eskuetan utziz, horri buruzko inongo ezagutza eta prestakuntzarik izan gabe».
  4. Lege berriak kudeaketan ekarriko dituen arazoak konpontzea. Departamentuari bertze irtenbide batzuk bilatzeko eskatu diote, dekretuak ezarritako lau zerbitzu eta egoera konpontzeko:
    • Jantokiko arduraduna irakasle bat izan behar duela zehazten du legeak, «eta irakasle funtzioak alde batera utzi beharko ditu jantokiko eginkizuna betetzeko. Aparteko ordu nahiko sartu behar dituzte, batez ere irailean eta ekainean eta jardunaldi zatituen kasuan asteazken eta ortziraletan, eta ordu horiek ez dira konpentsatzen». Hori dela eta, «egokiena izanen zen jantokiko arduraduna irakaslea ez izatea, eta irakaslea izatekotan, ikasturteko plantillen aurreikuspenean ardura honentzako lanpostu zehatza eskaintzea».
    • Garraio arduraduna garraioa atera arte gelditu behar da eskolan, «eta kasu aunitzetan irakasle hau bere ordutegitik kanpo gelditu behar izanen da. Jantokiko arduradunari ere gerta dakioke hori».
    • Jantokiko begiraleen lan kontratua bi ordu eta erditik bi ordura jaitsiko da, baina ikasleen ratioak berdin mantenduko dira, beraz, «ez dira bermatuko zainketaren kalitatea eta haurren segurtasuna. Aurten, adibidez, Haur eta Lehen Hezkuntzako 28 haur elkarrekin egon daitezke begirale bakar baten zaintzapean. Ondorioz, lan baldintzak okertuko dira eta zerbitzua kaltetuko da».
    • Zuzendariari ere ardura eta zeregin berriak ezarri dizkio lege berriak, «eta aitzineko kudeaketa arazoak konpontzen ez badira, horiek ere zuzendariaren ardurapean geldituko dira. Horretarako ordu eta baliabide gehiago eskatu diren arren, gardentasun atarian ez dira onartuak izan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun