Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdiz Bizirik eguna izanen da apirilaren 20an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 25a, 14:00

Ortzirale arratsaldean Anizen egin zuten elkarretaratzea.

Anizko elkarretaratzean azaldu zutenez, proiektuaren kontrako alegazioak apirilaren 10era arte sinatzen ahalko dira eta ondotik ekintza eginen dute Iruñean. Erdiz Bizirik egunaren nondik norakoak ere azaldu zituzten: goizean aldarrikapen ekintza bat eta Magnari kaka zozketa eginen dute, ondotik bazkaria izanen da eta arratsalde eta gauean besta.

Elizondon, Arizkunen eta Iruritan bildu ondotik, joan den ortziralean Anizen egin zuen elkarretaratzea Erdiz Bizirik plataformak, UGEParen kontra. Agerraldian adierazi zutenez, «dagoeneko milaka herritarrek erakutsi digute UGEParen inposizioaren kontra daudela, hala ere, alegazioak sinatu ez dituzten horiei ere gurekin bat egiteko deia egiten diegu. Orriak Baztango hainbat komertziotan daude eta digitalki sinatzeko aukera ere martxan dago. Gure sare sozialetan dago informazio guztia».

Apirilaren 10era bitarteko epea izanen da sinatzeko eta eguna pasatuta, «aldarrikapen ekintza bat eginen dugu Iruñean eta sinatutako alegazioak eramanen ditugu gurekin. Herritarrei parte hartzera dei egiten diegu, eta ekar ditzatela Erdizen aldeko kamiseta, zapi, banderola eta joareak. Erakuts diezaiegun landa eremua indartsu dagoela». Data zehatza aitzinerago emanen dute.

Honez gain, apirilaren 20an Erdiz Bizirik eguna eginen dute Elizondon, egun osoko egitarauarekin. Aldarrikapen ekintza batekin abiatuko dute goiza, eta 11:00etatik aitzinera Magnari kaka izeneko zozketa berezia eginen dute. Zelai bat karratutan zatitu eta espazio bakoitza 2,5 euroren truke alokatzen ahalko da. Azienda ibiliko da zelai honetan, eta karratutxoan kaka eginez gero, zenbakia duena saritua izanen da.

Hiru sari izanen dira, Baztango komertzioetan gastatzeko diruarekin, eta bakoitza azienda batek hautatuko du. Lehenbiziko saria, 1.000 eurokoa, behiak aukeratuko du; bigarrena, 300 eurokoa, zaldiak; eta hirugarrena, 200 eurokoa, ardiak. Zenbaki saritua 15 egunetan ateratzen ez bada, zenbaki horren gainean dagoenari emanen zaio saria.

Zozketaren ondotik bazkaria eginen dute, eta arratsaldean zein gauean besta giroa nagusituko da. Egitarau zehatza eta zozketako txartelei inguruko informazioa aitzinerago zabalduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun