Mural xenda aplikazioa aurkeztu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 22a, 18:00
Juan Angel Perotxena, Fernando Anbustegi eta Idoia Sobrino gaur goizeko aurkezpenean.

Joko interaktibo baten bidez herrietako artea jendeari ezagutzera ematea du helburu aplikazioak

Baztango Udalak Mural xenda mugikorrerako aplikazioa aurkeztu du gaur goizean. «Arte urbanoaren eta jendearen arteko zubi gisa» aurkeztu dute ekimena, eta «herritarrek muralak ikusteko duten modua» aldatu nahi dute. Jokoa muralxenda.eus webgunean dago eskuragarri.

Idoia Sobrino eta Juan Angel Perotxena elizondoarren arteko elkarrizketa batetik sortu zen ideia, Baztango aberastasun kulturala herritarrei hurbiltzeko asmoz. Abiapuntu horretatik erabaki zuten Perotxenak eta Maria Gaztelupek sortzea tresna, herritarrei irakasteaz gain, parte hartze aktiboa sustatzeko. Proiektuaren alde teknikoa Baztaneteko Mikel Santestebanek egin du.

Jokoak Baztango muraletako ibilbidea egiten du, eta galderak planteatzen dizkio jokalariari. Mural bakoitzeko 10-12 galdera izanen dira eta alderdi teknikoak zein tematikoak lantzen ditu. Galderak zuzen erantzuteko jokalariak muraletik hurbil egon beharko du, beraz, eskualdea esploratzera animatzen ditu jokalariak.

Sortzaileek «aplikazioa eguneratua mantentzeko konpromisoa» hartu dute eta laster QR kodeak dituzten kartelak zabalduko dituzte, «aplikaziora erraz sartzeko Baztan esploratzen den bitartean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun