Onddo Cup txapelketako antolatzaileak

«Ilusio haundiarekin antolatu dugu bigarrenez txapelketa solidarioa»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 23a, 08:00
Mario Lopez, Alex Santano, Aimar Telletxea, Unai Orbegozo eta Aritz Elizegi.

Joan den urteko arrakasta errepikatu nahian, Onddo Cup areto futbol txapelketa solidarioa antolatu dute aurten ere Mario Lopez, Alex Santano, Aimar Telletxea, Unai Orbegozo eta Aritz Elizegik. Bihar hasi eta martxoaren 30era arte jokatuko da Elizondoko kiroldegian, eta 12 taldek parte hartuko dute.

Nondik ezagutzen duzue elkar? 

Aspalditik gara lagunak, bortzak kinta berekoak gara eta institututik ezagutzen dugu elkar. Nahiz eta bakoitza ia-ia herri batekoak garen, arras harreman ona dugu.

Nola bururatu zitzaizuen lehenbiziko txapelketa antolatzea? 

Areto futbol jokalariak gara eta aunitz jokatu dugu elkarrekin. Bagenekien inguruan bazela jende gehiago jokatzen zuena, eta probatu nahi genuen ea txapelketa batek arrakasta izanen zuen. Gainera, ekimen honi alde solidario bat gehitzen ahal bagenion, hobe, hortaz erabaki genuen lortutako dirua elkarteei bideratzea.

Nolako balorazioa egin zenuten? 

Guretako kristoren arrakasta izan zuen. Espero genuen jokalarien lagunak eta familia partidak ikustera hurbiltzea, baina ez egunero kiroldegia betetzea. Ilusio haundiz hartu genuen, eta orain gogorrago ari gara proiektuan lanean.

Hortaz errepikatuko duzue?

Bai, erran bezala joan den urteko arrakastak gogoberritzea ekarri zuen, eta aurtengo edizioa martxoaren 24tik 30era jokatuko da Elizondon.

Berritasunik izanen da?

Bai, doike! Hasteko, aurten partida kopurua haunditu denez, epaile federatuak ekarriko ditugu. Joan den urtean Felipe Lasa eta Javier Elizaintzin aritu ziren boluntario gisa eta arras eskertuak gaude, baina aurtengo lan karga aunitzez haundiagoa izanen da. Bertzalde, ostatu bat paratuko dugu kiroldegian, ikusleek partida ikusi bitartean zerbait jan edo edan ahal izateko. Horrez gain, txapelketan ikusten ahalko diren gauza gehiago izanen ditugu…

Zenbat taldek parte hartuko dute?

Aurten 12 taldeko helburura ailegatzea lortu dugu, eta horrek aukera aunitz ireki dizkigu. Formatuan oreka bilatzen saiatu gara; talde guziek guttienez hiru partida jokatzea baina partida gehiegi sartu gabe, jendea ez aspertzeko. 

Nolako formatua izanen du?

Partida kopuru totala 24 izanen da eta talde guzien azken partida irabazi edo etxerat izanen da, hau da, ez du inork partida bat jokatuko kanporatua dagoela jakinda. Hasteko bi partidako ligaxka izanen da, zozketaz erabakiak, eta hortik sailkapen orokorra aterako dugu. Lehenbiziko lau sailkatuak final laurdenetan arituko dira eta azken zortziek final zortzirenak jokatu beharko dituzte.

Saririk banatuko duzue?

Bai, joan den edizioan bezala, lehen hiru taldeek saria edukiko dute, eta pitxitxiak eta atezain eta jokalaririk onenak ere sari polita izanen dute.

Norat bideratuko duzue lortutako dirua?

Dirua bi elkartetara joanen da: alde batetik SARAY (bularreko minbiziaren Nafarroako elkartea) eta bertzetik Biziraun (maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea). Bi elkarteetan jende ezaguna dugu eta berain helburuak arras politak iruditzen zaizkigu, beraz, aurten beraiekin arituko gara elkarlanean.

Lan haundia da dena prestatzen?

Bai, ordu dezente eskaini diogu txapelketari. Zorionez, joan den urteko esperientziak gauza aunitz biziago ateratzen lagundu digu, eta helburua polita denez, gustura egiten dugu lan.

Babesleak ere beharrezkoak izanen dira, ez?

Haiek gabe ezinezkoa izanen litzateke hau dena aitzinerat ateratzea, eta arras eskertuak gaude beraiekin. Aurten 31 babesle ditugu txapelketarako, horrek erran nahi du inguruko enpresei ere ideia polita iruditzen zaiela eta hau beti seinale ona da.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Bai, alde batetik txapelketa ikustera etortzera animatu nahi dugu jendea, eta ez ikustera bakarrik, publikoarendako ere sorpresa batzuk izanen baitira. Bertzalde, norbaiti proiektu hau gustatzen bazaio eta lagundu nahi badu, boluntario bila gabiltza txapelketan laguntzeko; ostatuan, txarelak saltzen, partiden aktak egiten… norbaitek nahiko balu, 619 92 32 45 telefono zenbakira (Unai) idazten ahal du Whatsappez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun