Amaia Sanz Azpiroz

«Nerabearen bizi estiloak eragina du bere osasun mentalean»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 23a, 10:00
Sánchez-Villegas ikertzailea nagusia eta Sanz proiektu laguntzailea.

«Nerabeen buru nahasmenduaren behaketa eta detekzio goiztiarra egitea» du helburu Sessamo proiektuak. Bertako ikertzaile laguntzailea da Amaia Sanz Azpiroz elizondoarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Proiektuaren nondik norakoez eta osasun mentalaz mintzatu da Sanz, eta Nafarroako iparraldeko institutuetako ikasleak parte hartzera animatu ditu.

Nola sortu zen Sessamo?

Proiektuko ikertzaile nagusia eta koordinatzailea den Almudena Sánchez-Villegas irakasleak jarri zuen martxan, Las Palmas Kanaria Handiko Unibertsitatean. Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedraduna da, eta proiektua aurrera ateratzeko psikiatria eta psikologia klinikoko hainbat profesionalen laguntza du. Gure nerabeen artean osasun mentalarekin lotutako kasuen igoera hautemateagatik eta bizi estiloan eman diren aldaketen ondorioz sortu zuen proiektua. Aldaketa horiek bizi estilo eta dieta osasuntsutik gero eta urrunago daude, eta horri sare sozialen eta gailu elektronikoen gehiegizko erabilera gehitu behar zaio.

Zein helburu du proiektuak?

Nahasmendu mentaleko sintometan bizitza estiloak (dietak, lo ohiturak, toxikoen kontsumoak, sare sozialen erabilerak), eragile sozialek (bikote indarkeriak, eskola jazarpenak, haurrei tratu txarrak) eta obesitateak izan dezaketen eragina zehaztea. Gainera, faktore horiek nerabezaroan eta helduaro hasieran nahasmendu mentalak agertzean eragina duten ikusi nahi dugu. Segimendu azterlana da, eta bizi estiloaren, eskola jazarpenaren eta osasunaren datuak ebaluatu eta eguneratu nahi ditugu. Hortaz, ikerketa hasieran partaideak DBHn egon behar dute, eta helduarora arte jarraituko zaie.

«Bizi estilo osasuntsutik geroz eta urrunago dauden aldaketak eman dira nerabeen bizi estiloan»

Zergatik erabaki duzue ikerketa nerabeekin egitea?

Ikertzaile nagusia depresioan eta epidemiologian aditua da, eta helduen populazioarekin egindako bertze lan batzuetan ikusi zuen bizi estiloak zuzenean eragiten diola depresio arriskuari. Esperientzia horrekin, lotura posible hori nerabeekin aztertzea erabaki zuen, Espainian ez baitago antzeko ikerketarik. Horretarako puntuazioak biltzen dituzten galdetegiak erabiltzen ditugu, eta galdetegi horietan aldagai soziodemografikoak eta bizi estiloen aldagaiak jasoko ditugu, bertzeak bertze: Internet, sare sozial edo bideojokoekiko mendekotasuna, gertakari edo bizipen estresagarriak, autokontzeptua, gazteek beren burua nola ikusten duten… osasun mentalari buruzko bertze galdetegi batzuk.

Behar bezalako garrantzia ematen diogu osasun mentalari?

Geroz eta kontzientzia haundiagoa dugu eta garrantzia haundiagoa ematen diogu osasun mentalaren zainketari, baina egungo bizi estiloak kalte egiten digula ere ikusi da. Datuak kezkagarriak dira, eta beharrezkoa da honekin lotutako faktoreak nerabezaroan edo helduaroaren hasmentan zehaztea, kasuak garaiz identifikatu ahal izateko eta gaixotasuna hasi baino lehen jarduteko.

Uste duguna baino ohikoagoak dira depresioa eta antsietatea?

Orain arte 1.700 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute proiektuan, 50 ikastetxetik goiti, eta datu batzuk atera ditugu; partaideen % 26,1ak depresio sintoma ertain edo arras haundiak dituela hauteman dugu. Antsietateari dagokionez, % 36,9k sintoma ertain edo arras haundiak ditu.

Sare sozialen eta bideojokoen adikzioa ere ikertzen ari zarete. Arazo haundia dira gaur egun?

Orain arte ateratako datuekin erantzunen diot galdera honi: parte hartzaileen % 2,2k bideojokoekiko mendekotasuna du, %14,2k Internetekiko mendekotasuna du eta  %11,8k adierazi du jazarpena edo ziber jazarpena jasan duela.

Ikerketak emandako zenbait emaitza

Orain arte 14-16 urte bitarteko 1.700 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute ikerketan, Nafarroako, Arabako eta Kanaria Handiko 50 ikastetxeetakoak. Bildutako datuekin hainbat emaitza orokor atera dituzte:

  • % 2,2k bideojokoekiko mendekotasuna du.
  • % 14,2k Internetekiko mendekotasuna du.
  • % 11,8k jazarpena edo ziber jazarpena jasan duela adierazi du.
  • % 20,7k gurasoen abusu psikologikoa jasan duela adierazi du.
  • % 14,3k bere burua zauritu duela adierazi du, bere buruaz beste egiteko helbururik gabe.
  • % 11,2an elikadura nahasmendu baten susmoa hauteman da.
  • % 10,5ean suizidio arriskuaren susmoa hauteman da.
  • % 26,1ean depresio sintoma ertain edo arras haundiak hauteman dira.
  • % 36,9an antsietate sintoma ertain edo arras haundiak hauteman dira.
Nola hautematen dira arazo hauek?

Parte hartzaileek Sessamo proiektuko plataforman sartu eta bi galdetegi erantzun beharko dituzte. Galdetegi hauei esker jasoko ditugun aldagaien artean, honako hauek daude: elikadura portaeraren nahasmendua izateko aukera neurtzen duten galdetegiak; jokabide autolesiboak edo suizidioa asmatzekoak; estres arazoak, antsietate arazoak edo depresioa; adingabeek harremanak izateko eta emozioak kudeatzeko dituzten eguneroko zailtasunei buruzko galdetegia; azken urteetako pandemia egoerarekin lotutako psikosi-sintomak; eta trauma-osteko estresaren sintomak biltzen dituen galdetegia.

Arazo hauek osasun fisikoan ere eragina dute?

Bai, nik zehazki osasunaren bi dimentsio hauen azterketan lan eginen dut. Dagoeneko egin diren metaanalisiek erakutsi dute jarduera fisikoaren praktika, eta pisu egokiaren mantentzea, lotuta daudela depresioa eta bertze gaixotasun mentalak garatzeko arrisku baxuarekin.

Nola lagun dezake ikerketak?

Familien parte hartze haundia lortzen badugu, nerabeen arazo mentalekiko ahultasun profil posibleak ezartzeko orduan zehatzagoak izaten ahalko gara.

«Buruko nahasmendu kasuak garaiz identifikatzea inportantea da»

Nolako prozesua da?

Lehen kontaktua ikastetxeko zuzendaritza taldearekin edo orientatzailearekin egiten dugu, eta interesa adieraziz gero, familiei informazioa ailegatzeko modu egokiena bilatzen dugu. Hasmentako datu bilketa ikastetxeetan egiten dugu, eta ikasle bakoitzak chromebookarekin plataforma digitaleko galdetegiak erantzuten ditu. Gainera, baimena eman duten partaideei neurketa antropometrikoak eta lagin genetiko bat egiten zaie. Oraingoz hasierako datu bilketa egiteko finantziazioa dugu, baina gure helburua jarraipena hamar urtez egitea da, adingabeekin bi urtean behin harremanetan jarriz 25 urteetara ailegatu arte.

Nork parte har dezake?

Ikerketaren hasieran parte hartzaileak DBHko bigarren, hirugarren edo laugarren mailan egon behar dute. Nafarroako, Euskadiko edo Kanarietako ikasleak izan daitezke, ikastetxe publiko, kontzertatu zein pribatuetakoak eta edozein eredu linguistikokoak. Hortaz, Nafarroako iparraldeko institutuetako zuzendaritza talde, orientatzaile eta guraso elkarteak proiektuan parte hartzera animatu nahi ditugu, orain arte parte hartu duten gehienak Iruñerriko eta Erriberako ikastetxeak izan baitira.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Proiektu edo gaiarekiko interesa duten guraso zein irakasle guztiak gurekin harremanetan jartzera animatu nahi ditugu. Lehen fase honetan ikasturte akabailara arte egonen gara, eta gurekin harremanetan jartzeko info@proyectosessamo.com edo amaia.sanz@unavarra.com emailetara idatzi eta informazio guzia partekatuko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun