Herriguneetako zuhaitzak zaintzeko deia egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 21a, 12:00

Herriguneetako zuhaitz, landare eta berdeguneak «ondare publikoa direla» adierazi du taldeak, «guztion onura eta gozamenerako, har dezagun horiei buruzko kezka publikoa».

Baztango Talde Ekosozialak adierazi duenez, «herri barneko zuhaitzei ez zaie sobera kasurik egin, horregatik, zernahi espezie eta barietate nonahi landatu izan da, ondotik, errukirik gabe behin eta berriz inausiz. Emaitza, herri barneetan ikusten ahal ditugun zuhaitz erdi ustel, kaskail eta ihartu hurrenak dira».

Inausketak «egokiak eta beharrezkoa» baldin badira ere, «prozesua lehenagotik hasten da, toki bakoitzerako espezie eta barietate hoberenak hautaturik. Hautaketaren uneari kasurik egiten ez bazaio, gero kiska-kaska hasten dira, inausitako zaurietatik onddoak eta gaitzak sarraraziz. Horrela, urte batzuen bururako zuhaitzak erdi usteldurik egonen dira, moztu beharretan».

Modu berean, «inausketak zuhaitzak guztiz itxuragabetzen dituzte, adaburu trasteekin, proportziorik gabe. Eta hostoez erantzirik dagoelarik, negargarri». Baina «inauste gogorrekin hasita, zuhaitza hain dago kaskaildu eta makurrarazia, inausteekin segitzea bertzerik ez dagoela».

Gainera, «zerbitzu ekosistemikoen ikuspegitik horrela artatutako zuhaitzek ez dute balio herriguneetako tenperaturak erregulatzeko, itzalguneak eskaintzeko, biodibertsitatea handitzeko, inguruak edertzeko… Klimaren aldaketa eta biodibertsitate galera aldi honen erdian guztiz kezkagarria dena».

Izan ere, «espazio publikoa herritar guztien gozamenerako eremua da. Ongi pentsatutako eta zaindutako eremu publikoek herriari buruzko atxikimendua handitzen dute, partaidetza sentimendua indartzen eta denon onurarako izaten dira. Horrelakoak direlarik herritarrak aise ateratzen dira kanporat, eta aitzakia ezin hobea izaten dira harat honat ibiltzeko urteko sasoiaren arabera eremu berde horien bilakaeraz gozatzeko, urririk. Herritarrok, langileok, halako eremuak merezi ditugu».

Azkenik, «klimaren aldaketa eta biodibertsitate galera aldi honetan, beharrezkoa da herriguneak berdeztatzea, itzalguneak sortzea, gauenara, txori eta mamurruendako tokiak izatea, naturako koloreei tokia egitea…». Horretarako, «zuhaitz eta eremu publikoei buruz kontzeptu berriak eta jardun egokiak behar ditugu. Espezie eta barietate egokiak hautatu, inausketak behar-beharrezkora mugatu, enbor inguruko belarrak bere gisa utzi, neurriko txorkoak egin, landare bandak sortu, inguruak berdeztatu euri urak iragazteko… Zorionez, Baztanen dagoeneko bide hori hasi da, baina, zoritxarrez, oraino, herri barneko inausketek eta belar mozte goiztiarrek jarraitzen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun