Nekazaritzako sektoreari buruzko solasaldia izanen da martxoaren 21ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 15a, 18:00

Baztango Talde Ekosozialak nekazaritza sektorean bizi den nahasmendu eta oldarraldiari buruzko mintzaldia antolatu du heldu den ortzegunean, 19:00etan Arizkunenean. Panpi Ste Marie izanen da hizlaria, nekazaria eta Euskal Laborarien Batasuneko kidea.

Talde Ekosozialak azaldu duenez, «nekazarien mugimendu honetan interes gurutzatu eta kontraesankorrak ageri dira, eta aldarrikapen zentzudunekin batera zernahi astakeria aditzen ahal da: pestiziden kontrako mugak kendu edo lausotzea, adibidez, edo ingurumena ez zaintzeko neurriak apaltzea. Iduri du herritarrak eztabaida honetatik eta erabakitze tokietatik kanpo nahi gaituztela, bateko eta bertzeko interesak lehenetsiz».

Hala ere, «herritarrak gara egitura hau guztia sustengatzen dugunak, bertzeren artean, gure zergetatik heldu diren dirulaguntzekin. Europako aitzinkontu guztiaren % 38 Nekazaritza Politika Bateratura, hau da, PAC izenekora bideratzen baita. Eta, erran bezala, hori herritarrok finantzatzen dugu».

Hortaz, «herritarrek ere badugu zer erran. Nolako elikadura sistema nahi dugun, lanpostu eta soldata duinak nola bermatu, laguntzak nori eta zertarako eman, ingurumenaren zainketa... Baztanen, adibidez, PACetik urtero 4 milioi euro sartzen dira partikularrengana».

«Hortaz, herritarrek guzti honetan zer dugu errateko? Zein da eredu bideragarri, zentzudun eta bidezkoa?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun