ANNE MARTIARENA GAMIO

«Irratian isiltasuna da gure etsairik haundiena»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 17a, 09:30

22 urteko kazetari gaztea da Anne Martiarena berroetarra, eta zaletasuna duen futbola lanbide bihurtu du, Osasunako partidutan komentarista bezala hasi baita Euskalerria irratian

Nor dugu Anne Martiarena?

Familiarekin egonaldi goxoak egitea eta lagunekin mendiaz disfrutatzea gustuko duen 22 urteko berroetarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Kirola egitea eta ikustea gustuko dut, futbola eta esku pilota batez ere. Musika ere maite dut, akordeoia jotzen dut duela 10 urte.

Zein ikasketa egin dituzu?

Kazetaritza ikasi dut Nafarroako Unibertsitatean.

Nondik heldu zaizu futbolarekiko afizioa?

Zaila da azaltzea, etxean ez baitira arras zaleak. Baina aunitzetan aditu dut Berroetako amatxi arras futbolzalea zela; realzalea, hain zuzen. Berarekin elkartuz gero, a ze derbia biziko genukeen!

Noiz joan zinen lehenbiziko aldiz futbol partidu bat ikustera?

2013an, Nafarroa Oinezetik bueltan Sadarrerat joan nintzen lagun batzuen gurasoekin, Betisen aurkakoa ikustera. Ez dut inoiz atzenduko!

Futbol komentarista lanetan hasi zinen abenduan Euskalerria irratian. Nola sortu zitzaizun aukera?

Nafarroako Kontuen Ganberan ari naiz lanean, eta bi astetik behin gure berriak Euskalerria irratian plazaratzen ditugu. Nire zaletasuna ezagutu zutenean, aukera paregabea iruditu zitzaien futbol transmisioetan emakume ahotsa edukitzeko.

Zein partidutan aritzen zara?

Osasunak etxean, Sadarren, jokatzen duen aldi oro. Baita partidu berezietan ere, Superkopako partidu kontatzeko aukera izan nuen Eñaut Agirrebengoarekin.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Erronka arras aberasgarria. Beti izan diot errespetu haundia mikrofono aitzinean jartzeari, baina talde ederra osatzen dugu Eñauk eta biok.

Zer da zailena?

Zuzeneko batek eskatzen duen etengabeko inprobisazioa. Denok dakigun bezala, irratian isiltasuna da gure etsairik haundiena.

Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?

Graduatu berria naizenez, profesionalki hazteko sortzen diren aukerak aprobetxatu nahi ditut, eta bidenabar, egiten ari naizen bideaz gozatu nahi dut.

Eta epe luzera?

Ez diot buelta gehiegi ematen etorkizunari. Nahiago dut momentua bizi eta ateratzen diren aukera guziak probestu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun