23. Korrika

Ortzirale eguerdian ailegatuko da Korrika Baztanerat

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 13a, 13:00

13:15 aldera sartuko da Izpegitik eta 17:00etan aterako da Artesiagako bidetik. Eguna ospatzeko goizean gosaria eginen dute eta arratsaldean kontzertua izanen da Elizondon

Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatuko da bihar, eta Baztandik pasatuko da ortziralean, martxoaren 15ean. 13:16ean sartuko da Izpegin barna, eta handik Erratzurako bidea hartuko du, 14:14ean ailegatuta. Erratzu gibelean utzi eta Arizkunerat joanen da (14:34), handik Elbetera (15:04), Elizondora (15:08) eta Iruritara (15:26). Iruritatik, Artesiagan barna, Eugirako bidea hartuko du lasterketak eta Nafarroako Pirinioetan akituko du eguna. Baztango ordu guztiak eta kilometro bakoitzean lekukoa nork eramanen duen ikusteko, egin klik hemen.

Egun osoko egitaraua

Baztango Korrika Batzordeak hainbat ekitaldi prestatu ditu Korrikaren bueltan, eta ortziralean izanen da azkena. Indarrak hartzeko, 11:00etan gosaria eginen dute Izpegin, Irigoieneko bentan. 13:00etan Korrikari harrera egiteko prestatuko dira, eta tipi-tapa ibiliko dira arratsaldean furgonetaren gibeletik. Eguna borobiltzeko, Bidenabar taldeak kontzertua emanen du 19:00etan Amezti elkartean eta pintxo potea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun