UEMAren euskararen aldeko ihes gela Elizondoko plazan izanen da apirilaren 5etik 7ra

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 11a, 18:00

Goiz eta arratsaldez izanen dira saioak eta izen ematea zabalik da dagoeneko

Aurten ere Baztanen izanen da 17. logela izeneko ihes gela ibiltaria, aisia euskaraz gozatzea helburu duena. Apirilaren 5etik 7ra Elizondoko plazan izanen da, eta goiz eta arratsaldez izanen dira saioak. Bortz lagunek parte hartzen ahalko dute gehienez ere talde bakoitzeko, 40 minutuko iraupena izanen dute.

Parte hartzeko baldintzak 16 urtetik goiti izatea eta euskaraz solastatzeko gai izatea dira. Gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatua izanen dute. Izen ematea zabalik da euskarazbarrabarra.eus webgunean.

Ongi etorri 17. logelara

Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko. Ahaztu estresa, ahaztu arazoak, ahaztu kezkatzen zaituen guztia… Zatoz 17. logelara. Lehen 40 minutuak dohainik dira, gozatu, eta amets on!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun