Aholkugunea proiektua aurkeztu dute Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 11a, 16:00

Duela hiru urte hasitako proiektuaren emaitza aurkeztu zuten joan den astean Elizondoko Lanbide Eskolako ikasle eta irakasleek: inguruko enpresen beharrei erantzutea helburu duen Aholkugunea web orria

Elizondoko Lanbide Eskolako Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako ikasle eta irakasleek Aholkugunea izeneko webgunearen aurkezpena egin zuten joan den astean. Enpresa Kudeaketa ikaskuntza prozesutik abiatuta sortu dute proiektua eta inguruko autonomoen, enpresa ttiki zein ertainen eta ekintzaile berrien garapena, autonomia eta berrikuntza bultzatzea du helburu. Horretarako, webguneak baliabide erabilgarriak ditu eskuragarri. Gainera, kontsultak egiteko gunea eta negozioen erreleboa eta eskualdatzea errazteko tresnak sortu dituzte.

2021-2022 kurtsoan abiatu zuen ikastetxeak proiektua, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketarako Proiektu Berritzaileen deialdia egin zuenean. Horrez gain, inguruko negozioen errelebo arazoari erantzuteko proposamena egin zion Baztango Udalak. INIZIA-NAFARROA Ekintzailetza-gelak Lanbide Heziketan programaren barnean txertatu dute proiektua eta horretarako, Cederna-Garalur izan dute bidelagun ikasturte honetan.

Aurkezpena Administrazio eta Finantzetako bigarren mailako ikasleek egin zuten joan den ortzegunean, eskolako irakasle eta zuzendariarekin batera. Gainera, proiektuan parte hartu duten hainbat eragile izan ziren aurkezpenean: Eztibeltza Kooperatibako Xabi Torres, Bertan Baztaneko Mikel Sobrino, Baztango Zaporeak elkarteko Iñaki Bengoetxea, eta Cederna-Garalurreko Izaskun Abril eta Marian Cestau.

Enpresen beharrei erantzuteko webgunea

Proiektuak Baztan-Bidasoko enpresa sarearen beharrei erantzun nahi die, etorkizuneko erabiltzaileetan, ETEetan, autonomoetan eta saltokietan paratuz arreta. Erabiltzaileek hiru zerbitzu mota aurkituko dituzte gune digitalean:

  • Baliabide lagungarrien gunea: enpresa kudeaketaren arloko edukien informazioa.
  • Zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko gunea: enpresa kudeaketarekin lotutako zalantzak bideratzeko, webgunean aurkitutako inprimaki bat osatuz helaraziko dira.
  • Negozio txandarako gunea: negozioen erreleboa bideratzeko poltsa, jarduera publikoen poltsa, hutsik dauden merkataritza lokalen poltsa…

Egitasmoaren bitartez goi mailako zikloan landutako edukiak eta gaitasunak aprobetxatu nahi dituzte, ikaskuntza errealitatean oinarrituz ebazten ikasteko. Horri esker, etorkizuneko lanbidean eginen duten zereginen mapa egin dute eta bizi diren inguruan sortutako erronkei maila profesionalean erantzuteko aukera izan dute.

Ikastetxeak azpimarratu duenez, «proiektua hasi zenetik urtez urte Administrazio eta Finantzetako bigarren maila egin duten ikasle guztiak dira lortutako produktuaren protagonista».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun