IƱaki Zelaieta Erasun

Martxoaren 12an hasiko du denboraldia Baztandarra Txirrindularitza Taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 8a, 17:00

Argazkia: Foto Mena.

Pedalei eragiteko prest daude Baztango neska-mutikoak, denboraldi berria hasiko baitute heldu den asteartean. Baztandarra Txirrindularitza Taldeko Iñaki Zelaieta Erasunekin solastatu da TTIPI-TTAPA, aurtengo aurreikuspenei buruz.

Hilaren 12an hasiko dituzte entrenamenduak eta ekainera arte arituko dira. Udan atseden hartuko dute, eta irailean eta urrian segituko dute. Hala ere, «batzuk pistako entrenamenduak hasiak dituzte Tafallan, eta neguan ere ziklo-krosean arituak dira». Hortaz, «orain BTTra bideratuko ditugu entrenamenduak, eta apiriletik aitzinera errepideko bizikletekin hasiko gara».

Denboraldi jendetsua izanen du aurten ere taldeak: «pandemia ondotik jende aunitzek eman zuen izena, eta geroztik kopurua jautsi bada ere, finkatzen hasia da». Aurten 40 txirrindulari inguruk hasiko dute denboraldia; «gehienak ttikienak dira (2016koak), hamabi guztira, hasiberriak hamar, kimuak zortzi, haurrak sei eta kadeteak, 15-16 urtekoak, lau. Neskei dagokionez, 17 ditugu aurten». 

Hala ere, «gurekin aunitzek entrenatzen duten arren, lehiatzera gutti joaten dira, eta gehiago animatu nahi ditugu». Horrez gain, «kadete mailakoak bertze taldeetara joaten dira lehiatzera, ez baitugu azpiegiturarik».

Probaz proba

Martxoaren 23an izanen dute lehen BTT proba Arizkunen, eta ttikienek, hasiberriek, kimuek eta haurrek parte hartuko dute. Maiatzaren 11n, berriz, errepideko eskolartekoa eginen dute Elizondon, «eta ekainaren 8an aspaldian egin ez genuen proba berreskuratuko dugu Lekarozen: kadete mailako errepideko lasterketa».

Horrez gain, «Nafarroako Itzulia, Sub 23 eta elite mailakoa, Urdazubitik sartu eta Baztandik pasatuko da maiatzaren 25ean, eta talde bezala gu ere laguntzen ari gara».

Azkenik, «babesleei eskerrak eman nahi dizkiegu: Mariezkurrena, Josenea eta Malkorra. Baita Baztango Udalari eta herriei ere, beti laguntzeko prest daudelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun