Kantu herrikoien eta baratzeko mamuen tailerrak eginen dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 6a, 11:00

Izena emateko epea zabalik da bi ikastaroendako martxoaren 15era arte

Baztango Kultura Zerbitzuak bi tailer antolatu ditu hurrengo hilabeteetarako. Alde batetik, Kalakan taldeko Thierry Biscaryk kanta herrikoien ikastaroa emanen du berriz ere, hasiberriei zuzendua. Euskal kantak ikasteaz eta interpretatzeaz gain, horien testuingurua eta ezaugarriak aztertuko dituzte. Apirilaren 10ean, 17an eta 24an, maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an eta ekainaren 5ean, 12an eta 19an izanen dira klaseak, 18:30etik 20:30era, Arizkunenean. Guttienez 10 eta gehienez 15 laguneko taldea izanen da eta matrikulan 60 euro ordaindu beharko dira.

Ekainaren 8an, berriz, Birbira kolektiboko Amaia Zinkunegik baratzeko mamuak egiteko tailerra emanen du Oronozko plazan (frontoian denbora txarra eginez gero). 10:00etatik 13:30era izanen da ikastaroa, doan.

Martxoaren 15era arte eman daiteke izena bi jardueretan; Arizkunenean, 667 807 810 telefonoan edo kultura@baztan.eus helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun