Gazan gertatzen ari dena «gizarte oso baten eta beraien bizi baliabideen suntsipen» gisa deskribatu du Baztan Palestinarekin herri ekimenak, «Israel sarraski bat egiten ari da pertsona errugabeekin». Horri erantzuna emateko sortu zuten plataforma herritarra Baztanen, eta hainbat jarduera egin dituzte azkeneko asteetan.
Martxoaren 2an, joan den larunbatean, Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak egindako elkarretaratze deialdiarekin bat egin zuten Elizondon. Bi orduz hainbat herritar bildu ziren Merkatuko plazan, eta Bidenabar taldearen kontzertua aditzeko aukera izan zuten. Gainera, Gazako sarraskia irudikatu nahi zuten panpinak egin zituzten, Palestinan gertatzen ari dena salatzen zuten mezuekin batera. Akitzeko, panpinak udaletxeko atarira eraman eta ikusgai utzi zituzten.
Aldarrikapenez gain, diru bilketa solidarioa egin zuten. Diruaren zati bat Benjamin Netanyahu Israelgo ministroa internazionalki auzipetzeko erabiliko dute, eta bertze puska Gazara bidaltzeko.