Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten egunaren 49. urteurrena gogoratu zuen Saharaztanek. Hori dela eta, Nafarroako delegatua den Frente Polisarioko arduradun nagusia hartu zuten Baztango Udalean, Saharazten elkarteko ordezkariarekin batera.
Martxoaren 1ean, berriz, urteroko sentsibizazio ekintzak egin zituzten Elizondoko plazan, eta jendea pankarta eta banderen gibelean bildu zen. Ondotik, solasaldia izan zuten Arizkunenean eta Hassana eta Itziarren eskutik Saharako egungo egoera ezagutzeko aukera izan zen: errefuxiatuen kanpamentua, lurralde okupatua, gerra… eta aurtengo udari begira, «gurean harrera familia gehiago izatearen garrantzia» azpimarratu zuten, Oporrak bakean egitasmoarekin bat egiteko deia eginez.
2024ko udan harrera familia
Horrekin batera, aurtengo udan harrera familiak bilatzeko kanpaina hasi dute, eta norbaitek udan Saharako haur bat hartu nahi badu telefono hauetara dei dezake:
- Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan: 659 55 30 14
- Malerreka, Bertizarana: 635 59 93 06
- Bortziriak: 646 431 435
Honez gain, saharaztan@hotmail.com helbidearen bidez eta facebook bidez ere jar daiteke harremanetan elkartearekin. «Hasi pentsatzen aurtengo udan zer esperientzia bizi nahi dituzuen eta kontuan izan harrera familia bihurtzea aukera interesgarria izan daitekeela!», gaineratu du elkarteak.