Ingurumen departamentuko arrain haztegietan 100.000 izokin-kimu eta 26.000 amuarrain ekoizteko lanean ari dira aurten, Nafarroako ibaiak birpopulatzeko. Izokinaren kasuan, prozesuaren lehen fasetan ari dira egun hauetan, eta amuarrainei dagokienez, 4 urteko lanaren ondotik, pixkanaka gure ibaietan berezkoa den amuarrain espezie batekin ordezkatzeko lanean ari dira.
Ildo horretan, bi espezieak birpopulatzeko lanak ikuskatzeaz gain, kontseilariak adierazi du Ingurumen Departamentua Oronoz-Mugairiko arrain haztegiari hurbileko iturri batetik datorren ur-hornidura alternatiboa eskaintzeko proiektu batean ari dela lanean. Bidenabar, Oronoz-Mugairiko instalazioetan elektrizitatea sortzeko panel fotovoltaikoak jartzea aurreikusi dute, eta horri esker, arrain haztegiari ez ezik, Bertizko Nartur Parkerako, Basozainen bulegoetarako edo Osasun Zentrorako baliatuko dute hor sortutako argindarra.
Ana Bretañak, Ingurumeneko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «aurten ere Landa Garapen eta Ingurumen departamentuak lanean segituko du Bidasoan dauden trabak kentzeko, frogatu baita oztopo horiek kenduta izokinen eta gainerako arrain-espezieen irisgarritasuna nabarmen hobetu dela». Teknikariek nabarmendu dute irisgarritasuna hobetu dela Bidasoaren goiko aldeetan, zehazki Zubiberrialdea, Ikatzatea eta Kisua presak kendu zirenean azaro hasieran, Life Kantauribai proiektuaren barnean.
Ibai eta erreketako ostopoak kentzen egin diren lanen ondorioz, ugaltzeko izokinek urtero erabiltzen duten ibilguaren luzera handitu egin da, eta, azken urtean, izokin horietako batzuk beren errute-eremu potentzialeko tokirik altuenetaraino igotzea lortu dute, nahiz eta Oharrizko presak traba egiten duen. Hori oztopo gaindiezina da, eta bi aldiz baino ezin izan dute igaro, izokin guti batzuk eta ibaian zegoen ur kopuruagatik arras baldintza berezietan.