Orakunde
Eskualdeko gainontzeko herrietan bezala, Arraiozen ere Orakunde ospatu zen otsailaren 8an. Goizean, nahi zutenek mezara joateko aukera izan zuten. Ondotik, herriko eskolako ikasle eta irakasleak ohikoa den kalejira egin zuten herrian barna, musikaz alaiturik. Bazkaria herriko elkartean izan zen eta arratsaldean jokoak. Txokolatezko oilarra hauek eraman zuten: Nahioa Cilleruelok, Aiert Fagoagak eta Anne Iturraldek.
Alfonsori agurra
Jakina da herriko apeza Etxarri-Aranazerat bidali dutela, eta esker ona adierazteko, otsailaren 9an herritar andana batek afari bat eskaini zioten Alfonsori herriko elkartean. Arraioztar guzien partetik mila esker Alfonso Arraiozen igarotako urte hauengatik!
Ipuin kontalaria
Korrika hemen daukagu eta horren harira herrian zenbait ekintza burutu dira. Horien artean pasa den igandean, otsailaren 25ean, izan genuen ipuin kontalaria. Xabier Maritorena eta Aitzol Garmendiaren eskutik haurrek ipuin polit bat entzuteko aukera izan zuten. Ondotik, eskulanak izan zituzten eta hainbat mural margotzeko aukera izan zuten. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, gerturatu ginen guziek arratsalde eder bat pasatzeko aukera izan genuen.