[GUTUNA]: Zuretako, Luka

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 28a, 15:00

Kristina Goñi Etxenike ama, amatxi, hezitzailea eta 0-3 plataformako kidea da. Amatxi izan berria den honetan, gutun hauxe idatzi dio bilobari. Horrekin batera, «haurtzaro duin» aldarrikatu du, eta argi mintzatu da: «bi urteko gelei bai, baina merezi duten tokian: haur eskoletan».

Duela bi hilabete, amatxi izan nintzen eta bizitzan izan daitekeen bizipen politenetako bat dela erratera ausartuko nintzateke. Ezinezkoa da hitzez azaltzea, ez baitago hainbertze maitasun, pasio eta goxotasun deskriba dezakeen hitzik. Ez dakit irakurtzen ari zaretenen artean zenbat izanen zareten aitatxi edo amatxi, baina pentsatzen dut ados egonen zaretela: bizitza honetan aita edo ama izatea zoragarria bada, aitatxi-amatxi izatea bizitzaren postrea da.

ESKER MILE Luka, zu sortu eta eragindako emozio eta sentimendu guztiengatik. Orain umea zarenez, aitatxo eta amatxorekin goxo-goxo egonen zara etxean. Beraiek dira behar duzun guztia emanen dizutenak: maitasun mugagabea, espazio segurua, konfiantzazko giroa, zainketa goxoak, erabateko atentzioa eta tratu ezin hobea. Beraiek dira beharrezkoak dituzun pertsonak. Maittia, bizitza honetan ezinbertzekoak iruditzen zaizkit etxe sentsazioa eta maitasun sentimendua; eta zuk, Luka, biak izanen dituzu. Zorteduna zu eta zortedunak gu zurekin.

Hazten joanen zara eta bizipen berriak beharko dituzu, esperientzia eta pertsona berriak zure prozesuan lagunduko dizutenak. Haur eskolara ailegatu zara eta bertan, haur gehiago ezagutuko dituzu, eta doike, baita zure hezitzaileak ere. Bertze harreman, aukera, esperientzia eta bizipenak izanen dituzu bertan, eta horiek ere, hazten lagunduko dizute. Hasmentan, aldaketa handia izanen da, gune seguru eta ezagun batetik, hau da, etxetik, ezezaguna eginen zaizun bertze espazio batera pasako zarelako, haur eta pertsona berriekin.

Harrera garaia ez da erraza izanen; ez baituzu espazioak, zure berdin-kideak eta eskolako hezitzaile taldea ezagutuko. Baina hezitzaileen pazientziarekin, goxotasunarekin, eta profesionaltasunarekin dena ongi aterako dela ziurtatu dezaket. Errespetuzko harrera eskainiko dizute, zure garapen motorra errespetatuko dute, adituko dizute, behatuko dizute, pertsona gisa errespetatuko zaituzte, zure gaitasunetan sinetsiko dute, kalitatezko zainketak izanen dituzu, ahal bezain atentzio indibidualizatuena izanen duzu… Haien esku dagoen guztia eginen dute zure ongizaterako: pentsatuak diren espazioak antolatuz eta haien hezkuntza proiektuarekin bat datozen proposamenak eginez, betiere zure garapena ahal bezain aberatsena izan dadin. Haur eskolan ZUEK zarete protagonista, zuentzat dago pentsatua. Eskainiko dizuten materialak hausnartuak izanen dira eta egokiak izanen dira zure garapen momenturako, bai kanpo eta bai barne espazio aberatsez gozatzeko aukera izanen duzu, katiuskekin aterako zara kanpora, ikertzeko, ikasteko eta gozatzeko hainbat eta hainbat
proposamen izanen dituzu… Eta hori gutxi balitz, mugak eta arauak errespetatzen ikasiko duzu eta zure berdin-kideak eta eskolako helduekin tratu onak izan eta denon bizikidetzarako beharrezkoak diren jarrerak jasoko dituzu.

Luka, ez izan handitzeko presarik. Zure prozesua zaindu, aberastu eta errespetatuko duten profesionalak izanen dituzu haur eskolan. Beraiek ere, ez dute zu fite haztea nahi. Gauza bakoitzak bere denbora behar duelako. Politikoek «handien» eskoletan bi urteko gelak sortu nahi dituzte: badirudi, presa dutela eta zuek fite haztea nahi dutela, eta doike, astakeria bat iduritzen zait. Bi urteko haurrek ez baituzue «handien» eskolan egoteko beharrik; haur eskoletan segitzeko beharra duzue, kalitatezko zainketekin, gaurgero bai zu eta bai zure garapen momentua ezagutzen duten hezitzaileekin eta zuentzat pentsatuak diren espazio seguruetan eta goxoetan.

Jakin ezazu, maittia, bi urteko gelek haur eskoletan segi dezaten borrokatuko dudala, onena merezi duzulako, onena merezi duzuelako.

Luka, ez izan hazteko presarik.

Ilargiraino eta buelta maite zaitut!

Zure amatxi.

Haurtzaro duin baten alde, bi urteko gelei BAI, baina merezi duten tokian: haur eskoletan!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun