Txirrindu-Triziklo proiektua aurkeztu du Bidelagunek Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 27a, 15:00

Adinekoei bizikleta elektriko egokituan ibiltzeko aukera ematea du helburu proiektuak, eta Baztango txirrindulariei boluntario izateko deialdia egin die elkarteak

Argazkiak: Ondikol

Bidelagun elkarteak  Txirrindu-Triziklo proiektua aurkeztu du gaur goizean Elizondon. Plazan zuten egitekoa aurkepena, baina pilotalekura mugitu dute eguraldiaren ondorioz.

Europan eta baita gure inguruan ere, Donostian eta Corellan zehazki, garatutako proiektuetan oinarritzen da egitasmoa. Helburua argi dute: adinekoei bizikleta elektriko egokituan ibiltzeko aukera ematea, «beren bizi-kalitatea hobetzeko, gizartearen parte sentiarazteko naturaz gozatuz, eta gure ibarreko adineko ahulenen zaintza aldarrikatzeko».

Proiektu honekin omenaldia egin nahi izan diote Txuma Eugi elkarteko boluntarioari, 2020an hil zena. Bizikleta zalea zen Eugi, «eta adinekoekiko sentiberatasun bikaina zuen. Hasierako proiektuarekin bat egin zuen eta berari eskainia dago».

Boluntario bila

Bizikleta maite dutenei eta Baztango txirrindulariei dei egin diete boluntario izatera anima daitezen, «beren denbora pixka bat eman ahal izateko adineko pertsonei laguntzeko». Interesa dutenek bidelagun@hotmail.com helbidera jo dezakete, izen-abizenak eta telefonoa utzita, eta elkartea jarriko da haiekin harremanetan.

Boluntarioak prestakuntza izanen dute, hiru zutabetan oinarrituta: lehenbizikoa txirrindula-triziklo elektrikoa ezagutzeko saioa teorikoa izanen da, bigarrena ibilbideak ezagutzeko saio praktikoa, eta hirugarren saioa «eskarmentu haundiko boluntario batekin».

Honez gain, erantzukizun zibileko eta boluntarioaren asegurua eginen zaie, eta irteeren egutegia izanen dute, erabiltzaileekin koordinatuta eta asteroko maiztasunarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun