Larraldean izan zen ospakizun nagusia, baina horren aitzinetik elkartearen urteroko Batzar Orokorra egin zuten Arizkunenean. Batzarra akituta hasi zituzten urteurreneko ekitaldiak Larraldean. Ekitaldia hasteko, Lesakako lau dantzarik, txistu doinuak lagun aurreskua dantzatu zuten.
Ondotik, Nerea Bruño elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza. Elkartea sortu zutenei esker ona adierazi zien, joan direnak gogoan hartu eta 40 urteetan egindako aurrerapausoak nabarmendu zituen. Pandero doinuak eta dantzariak lagun, kopla saioa egin zuten 9 bertsolarik.
Bazkaldu ondotik Julen Zelaietak Ekhiñe Zapiainen gitarra lagun larunbaterako espresuki sorturiko bertso sorta kantatu zuen, eta bukatzeko, Lesakako Hor gu taldeko kantariek, Nafarroako bertsolari txapeldunen bertso antologikoekin osaturiko bertso sorta musikatua kantatu zuten.