'Bichta éder' liburua aurkeztuko dute otsailaren 29an Iruritan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 23a, 18:30

Irudia: Elkar.

Literatura Geraldiak ekimenak hainbat liburu aurkezpen eta solasaldi antolatu ditu Nafarroako iparraldean hurrengo asteetan, eta lehenbizikoa Iruritan izanen da. Eneko Bidegain idazleak Bichta éder liburua aurkeztuko du heldu den ortzegunean Gizarte Bilgunean 19:00etan.

Sinopsia

Gaur kazetan ari da Eñaut Oihenart, urtetan Euskal Herritik urrun ibili ondotik, fisikoki nahiz gogotik. Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori. Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen jauregi horren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma ahantzia eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia.

Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du, irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun