Txirrindu-Triziklo proiektua aurkeztuko du Bidelagunek otsailaren 27an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 23a, 14:30
Irudia: Freepik.com

Adinekoei bizikleta elektriko egokituan ibiltzeko aukera ematea du helburu proiektuak, eta Baztango txirrindulariei boluntario izateko deialdia egin die elkarteak

Bidelagun elkarteak jakinarazi duenez, otsailaren 27an Txirrindu-Triziklo proiektua aurkeztuko dute Elizondoko plazan 11:30ean. Azaldu dutenez, hainbat urtez aritu dira proiektua prestatzen, baina Covidarengatik eta finantzazio faltagatik orain arte atzeratu dute.

Europan eta baita gure inguruan ere, Donostian eta Corellan zehazki, garatutako proiektuetan oinarritzen da egitasmoa. Helburua argi dute: adinekoei bizikleta elektriko egokituan ibiltzeko aukera ematea, «beren bizi-kalitatea hobetzeko, gizartearen parte sentiarazteko naturaz gozatuz, eta gure ibarreko adineko ahulenen zaintza aldarrikatzeko».

Proiektu soziala abiatzeko hainbat emaileren laguntza izan dute finantzazioan, eta hainbat erakunderen ekarpenak nabarmendu nahi izan dituzte: Baztango Futbito Txapelketak 400 euro eman zituen, Lekarozko Institutuan ospatu zuten Liburu Azokatik 120 euro, eta Ximiko Berri dendak irabazien zati bat bideratu zuen proiektura.

Adierazi dutenez, proiektu honekin omenaldia egin nahi diote Txuma Eugi elkarteko boluntarioari, 2020an hil zena. Bizikleta zalea zen Eugi, «eta adinekoekiko sentiberatasun bikaina zuen. Hasierako proiektuarekin bat egin zuen eta berari eskainia dago».

Boluntario bila

Bizikleta maite dutenei eta Baztango txirrindulariei dei egin diete boluntario izatera anima daitezen, «beren denbora pixka bat eman ahal izateko adineko pertsonei laguntzeko». Interesa dutenek bidelagun@hotmail.com helbidera jo dezakete, izen-abizenak eta telefonoa utzita, eta elkartea jarriko da haiekin harremanetan.

Boluntarioak prestakuntza izanen dute, hiru zutabetan oinarrituta: lehenbizikoa txirrindula-triziklo elektrikoa ezagutzeko saioa teorikoa izanen da, bigarrena ibilbideak ezagutzeko saio praktikoa, eta hirugarren saioa «eskarmentu haundiko boluntario batekin».

Honez gain, erantzukizun zibileko eta boluntarioaren asegurua eginen zaie, eta irteeren egutegia izanen dute, erabiltzaileekin koordinatuta eta asteroko maiztasunarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun