Otsailaren 6an Erdizko UGEParen berri eman zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean, meategi proiektua tokiko erakundeen autonomiatik kanpo utziz. Hori dela eta, Erdiz Bizirik plataformak proiektuaren kontrako alegazioen sinadura bilketa abiatu du.
Sinadurak biltzeko, etxez etxe ibiliko dira Baztango herrietan, eta paperak utzi dituzte Elizondoko hainbat ostatu eta dendetan ere. Gainera, Elizondon etxez etxe ibiltzeko laguntza eskatu dute, eta bi hitzordu antolatu dituzte gaur arratsaldean lantaldeak osatzeko. Herriko plazan 17:00etan eta 19:00etan bilduko dira, eta laguntzeko prest dauden herritar guziak animatu dituzte. Honez gain, igande goizean, 11:00etatik 14:00etara, alegazioak sinatzeko aukera izanen da Elizondoko plazan.
Plataformak azpimarratu duenez, garrantzitsua da herritar bakoitzak behin bakarrik sinatzea. Gainera, Nafarroan erroldatuak daudenendako eta Nafarroatik kanpo erroldatuak daudenendako alegazioak dituzte eskuragarri.