Larunbatean Lekarozen ikusi ahal izan zuten errugbi denboraldiko partida garrantzitsuenetako bat eta bertan izan ziren eguzkia, ikusleak eta elkarri begira bi talde, BRT Menditarrak eta Uni Bilbo, lehia bizian. Partida bero-beroa izan zen, sailkapeneko goitiko postuen talkek txinpartak atera baitzituzten. Hirugarren postuan ziren bilbotarrak eta puntu kopuru berarekin, 42 punturekin, laugarren postuan, BRT Menditarrak, mendialdeko ahariak. Gainera txuri-gorriek egurra eman zieten ahariei joaneko partidan, Bizkaiko hiriburuan, 35-5 nagusitu baitziren. Baina Lekarozko campusa gotorleku bihurtzea lortu zuten bertze behin etxekoek: oraindik ez dute lehiarik galdu etxean denboraldi honetan. Azken emaitza: BRT Menditarrak, 20 – Uni Bilbo, 12.
Harmailak beterik eta hogeita hamar jokalariak prest zirela hasi zen lehendabiziko zatia. Bilboko partidan lerroarekin ikaragarrizko mina egin zuten eta hasieran bisitariek zenbait jokaldi arriskutsu egin zituzten defentsa hautsiz. Avant pare bati esker izan ez balitz, haiek paratu izanen lirateke aitzinetik markagailuan. Baina oraingoan etxekoak lezioa ongi ikasirik zuten: zelaian ongi zabaldu eta horma sendo bat osatu zuten urdinek. Desesperazioa hedatzen hasi zen bilbotarren artean eta defentsaren presio handia gainditu ahal izateko hanka erabiltzen hasi ziren. Halaxe etorri ziren lehendabiziko hiru puntuak hamahirugarren minutuan, Aitor Adinek zigor kolpe bat makilen artean sartzerakoan. Eta bera izan zen partidako protagonista handietako bat, hiru minutu beranduago lehenengo entsegua lortu baitzuen bizkaitarren ostikada bati bidea itxi eta errebotea harturik baloia entsegu-eremuraino eraman zuenean. BRTren momentu onenetakoak izan ziren horiek eta 31. minutuan bigarren entsegu bat ere eskuratu zuten, Eñaut Beristain uztartze-erdilariaren sinadurarekin kasu honetan.
Arazoak partidaren erdi tenorean etorri ziren, diziplina-akats batzuen ondotik entsegua lortu baitzuten bilbotarrek. Atsedenaldira nahi baino urduriago joan ziren, hortaz, ahariak, eta itzulera ere kolpe gogorra izan zen: baloia jokoan paratu eta jokaldi berean, bizkaitarren hegal biziak entsegua egin zuen. Markagailua 17-12, bilbotarrak goranzko joeran eta 40 minutu aitzinetik. Erronka gogorra zen, baina defentsa ordenatu bati eta melé-etan aurrelariek egindako lanari esker, balioaren jabetza izatea lortu zuen BRTk. Markagailua puzteko aukera ugari izan zituzten, baina zortea zigor kolpe bakar batean izan zuten, 58. minutuan. 20-12 jarri eta akabaila neketsu baten ondotik, BRTk partida irabaztea lortu zuen, jokalarien eta zaleen pozerako.
Partida on horri esker ahariek Bilbo gainditzea lortu dute eta orain hirugarrenak dira sailkapenean, 46 punturekin. Gainetik, hurbil, errioxarrak, 48 punturekin, eta urrunago, lehen postuan, Elorrio 64 punturekin. Durangon izanen du hurrengo hitzordua BRT Menditarrak taldeak larunbat honetan.