MARIANO IRIBARREN ETA JOXELU RETEGI

«NPBak diru sarrera garrantzitsua bermatzen die baserritarrei»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 17a, 09:00

Urtarrilean Baztango Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB edo PAC) akordio berria. Hektarea komunalak pertsona edo sozietate eskatzaileei nola banatu arautzea du helburu akordioak, eta horretan aritu dira lanean Mariano Iribarren Irigoien eta Joxelu Retegi Iturbide udaleko zinegotziak.

Zer da Nekazaritza Politika Bateratua?

Europar Batasunak nekazaritza antolatzeko eta nekazaritzako dirulaguntzak kudeatzeko egiten duen araudia da. Azken 40 urteetan Baztango lur komunalak baliagarriak izan dira dirulaguntza horiek gure nekazarien artean banatu ahal izateko.

Zenbateko eragina du bertako ekonomian?

Ezin dugu datu zehatzik eman, udalak ez dakielako zehatz-mehatz zenbateko dirua iristen zaien nekazariei, baina baserritarrek diotenez, beren diru sarreraren zati garrantzitsu bat bermatzen die.

Gaur egun, zenbat lanpostu sortzen ditu abeltzaintzak Baztanen?

NPBko dirulaguntzetan, udaletik dakigunez, 350-400 ustiapen izaten dira eskatzaileak, beraz, hor badugu estimazio bat. Eskatzaileen artean nekazari profesionalak, erdi profesionalak eta bertzelakoak daude.

Eta zenbat azienda buru daude guztira?

Kasu honetan Nafarroako Gobernuko datuetara jo beharko genuke, eta azken erroldan eman zaizkigun kopuruen arabera, 2023an Baztanen 8.238 behi azienda, 3.604 zaldi azienda eta 30.936 ardi azienda zeuden. Hiru talde hauek dira Baztango komunaletan alhatzeko NPBko dirulaguntzen barnean sartzen direnak. Bertze taldeak (zerri aziendak, hegaztiak eta bertzelakoak), bertze dirulaguntza mota batean sartzen dira.

«350-400 ustiapenek eskatzen dute urtero dirulaguntza»

Udalbatzak NPBaren akordio berria onetsi du berriki. Zergatik aldatu duzue?

Bai, araudi berria onartu da, baina oraindik ez da guztiz ordenantza bat, gai batzuk hetsi gabe baitaude. Aldaketan irizpide nagusi batzuk paratu ditugu, NPBrako laguntzetako araudian eta kanpoan alhatzen diren aziendetan oinarrituta. Orain arte ez zegoen araudi zehatzik, eta nekazariei eskatu ahala ematen zitzaien erabilpen eskubidea. Baina gaur egun lurra eskastu da eta aldaketa behar genuen.

Zein arazo sortzen ziren horrekin?

Azken urteetan lurraren arabera izan da dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena. Hasiera batean denendako zeuden lurrak, eta nekazariek eskatu bezala ematen zien udalak. Azken urteetan, berriz, subentzionagarriak diren azalerak urritu dira, eta honek lur eskasia ekarri du. Horren ondorioz, ez zegoen nahi adina lur nekazari guziendako eta arautu behar izan dugu.

Nori zuzendua dago araudi berria?

Baztango lur komunalak nekazaritza estentsiboko dirulaguntzen atalean sartuko liratekeen. Hortaz, bere abereak modu estentsiboan hazten dituen edozein nekazari edo abeltzain izan daiteke onuradun. Hau guztia 1048/2022 errege dekretuan araututa dago, bertan ez da nekazari moten inguruko bereizketarik egiten.

Araudi berria aurkezteko, batzarrak egin dituzue herrietan. Zer nolako erantzuna izan du baztandarren aldetik?

Nahiko kontent gaude. Bortz batzar deitu ditugu eta 120 pertsona inguru hurbildu dira. Badakigu eskatzaileen herena dela, baina kontent gaude.

Behiak Erdizko bazkalekura eramaten. Datuen arabera, 2023an 8.328 behi azienda zituen Baztanek. valledebaztan.com

Ekonomian ez ezik, politika honek eragina izanen du mendi eta larreen zainketan, ez?

Bai, dudarik gabe. Azken urteetan larreetan dabilen azienda kopurua murriztu egin da, eta ondorioz, larreak galtzen ari dira. Otea eta larrak nagusitzen ari dira belardietan. Ea araudi berri honekin larrera doan azienda kopurua goratzea lortzen dugun. Horrela, mendia garbiago egonen da.

Zenbat hektarea komunal erabiltzen dira horretarako?

Azken NPBko sasoian Baztani 8.500 hektarea tokatu zitzaizkion. Erran dugun bezala, duela urte batzuk baino guttiago. Udaletik alegazioak egin ditugu lur eremu batzuk berreskuratzeko, ikusiko dugu ea onartzen dizkiguten.

Zein dira Baztango bazkaleku nagusiak?

Erdiz, Belate eta Lizartzu dira gaur egun dauden bazkalekuak eremu hetsi bezala, baina azalera haundiena mendi librean dago. Hor ditugu Gorramendi, Saioatik Belaterako aldea, Alkurruntz eta Atxuela ingurua eta bertze hainbat eremu.

«Erdizko meategiak ondorio kaltegarriak izanen lituzke»

Testuinguru honetan, nolako eragina izanen luke Erdizko meategiaren proiektuak gauzatuz gero?

Ondorio arras kaltegarria izanen luke. Meategiak eremu bat okupatuko luke, baina han sortzen diren hautsa eta bertzelako ondorioak kaltegarriak izanen lirateke orain arte han alhatzen ziren aziendendako. 90 nekazari inguruk alhatzen dituzte han beren aziendak eta hauek guztiz kaltetuak izanen ziren meategi proiektua aitzinerat ateratzen bada.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Orain arte landu den araudiaren garapena aho batez onartu dela, bai landu duen batzordean, baita Batzar Nagusian ere. NPBtik eman diren arauak onarritzat hartu ditugu araudi berria egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun