[GUTUNA]: N-121-A: Bideak handitu edo ekonomia birtokiratu?

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 17a, 08:00

Baztango Talde Ekosozialak N-121-A errepidea zabaltzeari buruzko gogoeta hau partekatu nahi izan du irakurleekin. Hainbat puntu paratu ditu mahai gainean eta kritiko mintzatu da egiten ari direnarekin «langileen eta klimaren kontrakoa» dela nabarmenduz. Taldearen izenean Gorka Laurnagak sinatu du.

Belateko tunelak lizitatu berri ditu Nafarroako Gobernuak, polemika zerbaitekin gainera. Aldi berean, N-121-A errepide guztian hirugarren erreia egiten ari da, hori guztia segurtasunaren izenean, nazioarteko zama garraioren gorakadari buruzkoak bazter batean utzita. Horretan hain zuzen, azpimarra egin nahi dugu.

N-121-A errepidea Europa Barneko Garraio Sarean dago (EBGS), bere garaian Nafarroako Gobernuak hor sartzea erabaki zuelako. Sarearen helburu nagusia Europa komunikazio azpiegiturekin antolatzea da, kapitalaren erreprodukzio zabalduari bide emateko, hau da, kapital metaketaren faboretan toki bakoitzeko lehiarako abantailak baliatzeko, produkzio prozesuaren zatiketa bultzatuz, tokiko ehun produktiboa deseginez; deslokalizazioa eta prekarietatea hedatu bidenabar.

Oraingo Europa kapitalaren alde eraikitako egitura da, barnera begira langileak diziplinatzeko eta kanpora begira potentzia bezala aritzeko, nahiz ez beti interes bateratu eta koherentearekin. Doktrina neoliberala gogorki aplikatu dute horretarako, ekonomiaren liberalizazioa eta nazioartekotzea bultzatuz eta langileen eskubideak estutuz.

Azpiegitura horiek guztiak, gainera, aurrekontu publikoekin finantzatzen ari dira. Horrela, urtetik urtera kapitalaren ekarpena zerga bilketan proportzionalki ttipituz joan den neurrian, langileen ekarpena proportzionalki handitu da; hala, diru horren zati bat produkzio prozesuaren zatiketa eta deslokalizazioa ahalbidetu duten komunikazio ardatz handietan inbertitzeko erabili dute. Langileen eta tokiko ehun produktiboaren kaltetan etorri dena.

Hortaz, produktu eta salgaiak harat-honat, Europako mutur batetik bertzerat mugitzen ahal dituzte, merkatu bakar eta handi horren geografian barna, kapitalaren irabazien tasa langileen eta lurraldeen kontura handitzeko.

Modu horretan antolatutako ekonomiaren ondorioz, garraioa etengabe handitu da eta, horrek, errepideen eta azpiegituren gainezkatzea ekarri du, aldiro berriak egin behar izanez edo zeudenak handituz, diru publikoarekin beti, orain bezala.

Testuinguru horretan, kontuan hartu behar da nazioarteko zama garraioaren zati handiena konbustio erregaiekin egiten dela, CO2 isuriak handituz eta beroketa globalean txarrerako eraginez. Horregatik, krisi klimatiko eta energia krisi garai honetan errotiko aldaketak egitea beharrezkoa da, bertzeren artean, ekonomia birtokiratuz eta prozesu produktiboak lurralde eskala ttikiagoetan integratuz, betiere, jendeen beharrak helburu nagusia izanez. Izan ere, kapitalaren irabazi nahian oinarritzen den ekonomiaren lurralde antolaketak erregai fosilak gelditu gabe erretzen ditu eta CO2 isuriak handitzen. Eta, hori, bateraezina da ekonomiaren deskarbonizazio sozialki bidezko batekin eta mendearen akaberarako munduko tenperatura 1,5° baino gehiago ez igateko erronka globalarekin.

Horiek guztiak N-121-A errepidea zabaltzeko eztabaidatik baztertu dira, jakinik, segurtasuna hobetzeko aldagai garrantzitsu bat trafikoaren guttitzea dela, kasu honetan, nazioarteko zama garraioa.

Horregatik, hitz hauek plazaratu nahi ditugu, lekukotza kritikoa geldi dadin egiten ari direnaz eta hori guztia olioztatzen duen logikaz, langileen eta klimaren kontrakoa dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun