Neguko solstizioarekin batera hainbat ekitaldi egin dituzte Elizondoko Eskolan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 12a, 14:00

Elizondoko Eskolak adierazi duenez, «globalizazioak eta pantailek irensten gaituzten garai honetan, bereziki garrantzitsua da lurrera jaitsi eta umiltasunez gure ohiturei so egitea. Hezkuntza Komunitatearen helburu nagusia haurrak izaki, maitasunetik eta errespetutik erakutsi nahi dizkiegu geure kulturaren usadioak. Eta geure herrian, aspaldian, erlijioaren aurretik zenbait tradizio erroturik zeuden. Lurrari eta ama naturari loturiko tradizioak. Xumeak eta, aldi berean, boteretsuak».

Hori dela eta, ikastetxeak hainbat ekitaldi prestatzen ditu urtero egun hauen bueltan, eta horrela lantzen dituzte Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, lurraren ernatzea eta inauteri eguna.

Azaldu dutenez, «Olentzero eta Mari Domingiren etorrerak eguzki berriaren jaiotza iragartzen digu azken urteotan eskolan, eta atal berezia eskaini diogu aurten ere. Garai batean, eguberriarekin hasten zen aro berria, urte berria eta eguzki berriaren jaiotza. Hemendik abiatuz, lurra ernatzeko garaia izaki, joaldunek beren joareekin hasten ziren eta dira lurra ernatzen. Beraiek ematen diote taupada lurrari eta isopoekin uxatzen dituzte izpiritu txarrak, lurrari oparotasuna eskainiz».

Eskolako baratzean ere «lurra ernatzen dugu azken urteotan makilen erritmoan abestuz, uzta oparoa iragarriz eta lehen hazia landatuz, segidan inauteei lekua eskainiz. Garai batean, neguak sorrarazitako beldurrak adierazi eta askatzeko garaia zen inauteri aroa. Eskolan plazara ateraz ospatzen dugu egun berezia, euskal tradizioko zenbait dantza dantzatuz herriko gazteekin batera, hala nola, Mozorro Dantza, eta animatzen diren herritarrekin bilduz. Egun honetan, Guraso Elkarteak plazan prestatzen du gosaria eta giro alai eta ederrean igarotzen dugu ospakizuna, haurrak erdigunean kokatzen saiatuz betiere».

Honez gain, «aurten lehen aldiz ospatuko dugu bailarako hazi trukaketa otsailaren 22an eskolako liburutegian, Baztango Talde Ekosozialaren eta Kukulineren laguntzarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun