Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdiz Bizirik plataformak meategiko UGEParen kontrako alegazio sinadurak bilduko ditu

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 09:00

Heldu den asteazkenean, otsailaren 14an, batzar irekia eginen dute Arizkunenean 19:30ean eta «UGEParen inposizioari aurre egiten lagundu nahi gaituzten guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera»

Otsailaren 6an Erdizko UGEParen berri eman zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean, meategi proiektua tokiko erakundeen autonomiatik kanpo utzita. Hori dela eta, Erdiz Bizirik plataformak argi utzi du «gure lurra eta bizimodua defendatzen segituko dugula», eta alegazioen sinadurak biltzen hasiko da. Sinadurak herriz herri bilduko dituzte Baztanen, baita eskualdeka Nafarroan eta Euskal Herriko bertze txokotan ere. Gainera, alegazioak aurrez aurre eta digitalki sinatzen ahalko dira.

Adierazi dutenez, «ez dugu onartuko bakar batzuk aberastuko dituen eta urte luzez jasangarria izan den bizimodua desagerraraziko duen proiektua UGEP gisa inposatzea. Gobernua nahiz haren erabakiak babesten dituzten erakundeak seinalatzera gatoz, behin eta berriz, legealdiz legealdi, tokiko erakundeen autonomiaren gainetik pasatzen ari baitira. Helburu bakarrarekin: herri lurrak ebastea multinazionalei oparitzeko».

Proiektua eta Baztango bizimodua «ez dira bateragarriak, tokiko ekonomian eragin ikaragarriak izanen bailituzke: nekazaritzan, turismoan, ingurumenean nahiz herritarren osasunean». Horregatik, «kalera atera gara bertze behin, dozenaka herritarren babesarekin, bizitzaren alde egitera eta euskal herritar guztiei Erdiz babestu dezatela eskatzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun