Urtetik urtera Dravet gaixotasunari ikusgarritasuna eman nahi dioten mendi erronkak egiten ditu Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarrak, eta aurtengoa ez du lan makala izan, Afrikako tontorrik altuena igo baitu: Tanzaniako Kilimanjaro sumendia (5.895 metro). Otsailaren 5ean abiatu zuen ibilbidea eta biharamunean, atzo, lortu zuen goitiraino ailegatzea.
Iñarreak azaldu digunez, igoera «abentura bat» izan da; «arras mendi polita da. Hiru kanpamentu ditu eta azken kanpamenturaino bidea arras ona da, sasoian dagoen edozeinek egiteko modukoa. Baina azken 2.000 metroak arras exijenteak dira, ez da bide arriskutsua baina bai malda haundikoa, nahiko bertikala. Kraterra elurrean inguratu behar da, 200 metroko desnibelarekin, eta hor kranpoien falta sumatu dut. Baina igotzea lortu dut eta ederra da, mendia gustuko dugunondako merezi duen gailurra».
Tanzaniaz ere aritu zaigu; «Hirugarren Munduko herrialdea bada ere, aukerak baditu eta hezkuntza aldetik aunitz indartzen ari dira». Igoeran «errusiar aunitz» ikusi omen ditu, baita «armeniarrak, poloniarrak eta estatubatuarren bat» ere, baina «euskaldunik ez».