Baztandarren Biltzarra elkarteak gogotsu hartu du 2024ko erronka, eta besta uztailaren 21ean izanen dela iragarri dute. «Argi dugu Baztandarren Biltzarrak aitzinerat segitu behar duela, eta horretarako, urtetik urtera jende berria sartzea beharrezkoa da; alde batetik elkarteak bizirik iraunen duela ziurtatzeko, eta bertzetik, dauden kideen artean ideia berriak, gaztetasuna eta ilusioa sartzeko».
Adierazi dutenez, besta nagusiaz gain, «urte osoan hainbat ekitaldi kultural antolatu nahi ditugu, baina horretarako, zuen babesa ezinbertzekoa da. Beraz, dei egiten diegu baztandar guziei elkarteko dinamiketara hurbiltzeko, eta Baztandarren Biltzarrak antolatzen dituen ekintzetan parte hartu eta laguntzeko». Horretarako, «elkarteak edozein laguntza mota eskertuko du, baina gogotsu bazaude, paratu harremanetan kideren batekin eta etorri laguntzera; denok izan gaitezke baliozkoak».
Baztandarren Biltzarra elkartea «indartsu eta gogotsu» dago, «eta hori ekintza ttikiek egiten dute posible. Bihar, otsailaren 3an, 09:00etan barrakoia txukundu eta garbituko dugu, beraz, anima zaitezte, hurbildu eta elkarri lagunduko diogu. Ondotik luntxa izanen da».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!