[GUTUNA] Jesus Mari Sansiñena aurkitzen lagundu zuten guztiei eskertza

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 1a, 16:30

Atzo arratsaldean 78 urteko Jesus Mari Sansiñena Martiarena elizondoarra Urballo inguruan desagertu zen. Foruzaingo, suhiltzaile eta udaltzainez gain, herritarrek ere parte hartu zuten bilaketan, eta gauerdi aitzinetik aurkitu zuten onik. Familiak lerro hauek idatzi ditu aurkitzen lagundu zuten guziei eskerrak emateko:

Atzo arratsaldean, Jesus Mari Sansiñena Martiarena etxera bueltatzen ez zela ikusirik, 112ra deitu eta berehalako erantzuna izan genuen. Foruzaingoa etxera etorri, eta istant batez hasi zen bilaketa zurrunbiloa: foruzaingoa, suhiltzaileak, udaltzainak… eta guk, gure aldetik, desagerpena ingurukoen artean zabaltzea.

Harrituta eta hunkituta gelditu gara, jendearen erantzun olatuarekin. Istant batean, Baztango herri anitzetako jendea gure inguruan ikusteak, ez du hitzik. Denak Jesus Mari bilatzera, linterna eta fokuekin prest Urballoko puntara, gaueko iluntasun eta hoztasuna lagun. Etxekoak eta gainontzeko planak alde batera utzi eta mendira,  zerekin topatuko ziren jakin gabe. Jendea deika, whatsappa, zer egin dezaket?, kotxea hartu eta bagazi, ufff…

Ikaragarria, ederra, hunkigarria, bua… Zein hitz erabili emozio hori adierazteko? Ez dakigu, baino familia guztiaren izenean mila esker bihotzez modu batean edo bertzean gurekin egon zareten guztiei, baita foruzain, suhiltzaile eta udaltzainei ere, egoera bideratu eta koordinatzeko orduan egindako lana, txapela kentzeko modukoa izan baita!

Lerro hauek idazterako orduan, zorionekoak gu, gorputzeko sustoa baita gelditu zaigun bakarra. Jesus Mari ongi dago, etxean goxo-goxo indarrak hartzen.

Berriz ere, eta behar den aldi guztietan, MILA ESKER DENEI, BIBA ZUEK!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun