Baztango egungo testuinguruan kokatua eta mendekua ardatz hartuta, hiru pertsonaiaren istorioak kontatzen ditu nobela beltzak. Azaldu duenez, «genero beltza egokia da gizartean ditugun lotsak agerian uzteko, eta Gizarte Zerbitzuetako enplegu babestua ertz ezin egokiagoa da Baztango gizartearen lotsak agerian uzteko».
Mendeku eskubidea
Larru, neska punk toxikomano ohia, Baztango udalaren enplegu babestuko brigadan dabil, zenbait ijito eta marokoarrekin batean, bide ertzeko sasiak garbitzen eta seinaleak pintatzen; alde batera utziak ditu lehengo ohiturak eta makurdurak, baina ikusten dituen injustizien aurrean bor-bor sentitzen du barruan mendekurako gogoa.
Ernesto, enplegu babestuko arduraduna eta idazlearen alter egoa, liburu berri bat idazteko gai bila dabil, autofikziotik ihesi, baina aldi berean bere iraganaren mamuekin borroka egin beharko du.
Abdel saltzaile ibiltari dabil herriz herri, eta Guardia Zibileko Muturmotz sarjentuak xantaia egingo dio bere salataria izan dadin, kalerik kale entzun eta ikusten dituenak konta diezazkion.
Egun eta hemen, nobela beltz bat, bere osagai guztiekin: misterioa, krimena, kritika soziala… eta baita umore printza batzuk ere.