Begoña DURRUTI

«Behin bizi gara eta betitik gustatu zaidana probatu nahi nuen»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 4a, 09:00

Begoña Durruti arizkundarra 'Ez da konprenitzen ahal gerra!' liburua eskuetan.

Begoña DURRUTI SUKILBIDE, Arizkungo ilustratzailea

Irakasle lana utzi zuenetik ilustrazioaren munduan dabil buru-belarri arizkundarra. Bere ibilbidearen eta urteotan egin dituen lanen errepasoa egin du TTIPI-TTAPArekin.

Gorputz Heziketako irakaslea zen ogibidez, eta «arras gustukoa» omen zuen ikasleekin aritzea. Bere betiko ametsa, ordea, ez zen hori. Begoña Durruti Sukilbidek (Arizkun, 1968) sortzaile izan nahi zuen, margolari, marrazkilari, ilustratzaile…  Eta lortu du ametsa egia bihurtzea. «Badakizu, behin bakarrik bizi garela...» erranez hasi da, eta horrexegatik, hain zuzen, erabaki zuen  «barneak eskatutakoa» egitea: irakasle lana utzi eta ilustrazioaren bueltan bere bidea egitea. Zirriborrogiletzat du bere burua; «ez dakit hala naizen edo hala izan nahi dudan», baina horrela sentitzen omen da «libre». Aunitzetan, hitzez adierazten ahal ez duen hori esplikatzeko aukera ematen diote marrazkiek.

Ilustratzaile, margolari... Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? 

Behin baino gehiagotan zirriborrogiletzat hartu izan dut neure burua. Ez dakit zirriborrogilea naizen edo hala izan nahi dudan. Artista baten lana hobekien adierazten duena zirriborroa dela iruditzen zait. Obra akituetan baino gehiago ageri dira artista baten sentimenduak edo barneko gauzak. Lana espontaneoa izatea maite dut, librea, bat-batekoa. 

«Zirriborro hitza niretako hitz potoloa da»

Zirriborroak akitu gabeko lanak direla erranen zenuke? 

Beti ez. Gehiegi pentsatu gabe barnetik ateratzen den hori zirriborro polit bat izan daiteke. Sukaldeko lana da eta niri artista baten sukaldeko lana da gehien gustatzen zaidana, estudioko ohartxo horiek. Batzuetan akitutako lana izaten ahal da eta bertze batzuetan ez. Zenbaitetan zirriborroez ari garelarik, ume batek ere eginen lukeela erraten dugu. Baina kasu. Zirriborro hitza niretako hitz potoloa da, horregatik erraten dut neure burua zirriborrogiletzat dudala, baina ez dakit hala naizen edo hori dudan helburu.  

Ilustrazioaren munduan hasi aitzinetik Gorputz Hezkuntzako irakasle izan zinen... 

Bai. Ez nekien SHEE-IVEF [Soin Hezkuntzako ikasketak] existitzen zenik ere, baina jakin nuelarik Gasteizera joan nintzen ikastera. Hamabortz urtez bigarren hezkuntzan Gorputz Hezkuntzako irakasle aritu nintzen. Gustuko lana nuen eta ikasleekin arras ongi moldatzen nintzen.

Eta zergatik utzi zenuen? 

Behin bakarrik bizi gara, eta barneak beti gauzak sortzea eskatu izan dit. Sortzailea naiz, bide hori probatu nahi nuen eta halaxe egin nuen orain dela urte batzuk. Ez dakit zenbat urte pasatu izanen diren, 15-20 bat. Egia errateko ez naiz damutu. Hala ere, familiako erabakia izan zen, ekonomikoki ere posible izan behar baituzu. 

Erabakia hartzea zaila izan zen? 

Ez zen zaila izan. Ez nuen lan finkorik, ez nituen oposizioak gaindituak eta badakizu zer astuna den gainditzea? Eta gainera, gero Iruñera edo Otsagabira joan behar lanera... Alde horretatik ez zen erabaki zaila izan, nahiz eta irakaskuntzan gustura ari. 

«Etxean nire zirriborroekin zer egin behar nuen erraten zidaten. Kirola ere aunitz maite nuen, eta SHEE-IVEF ikasi nuen»

Arte Ederrak ikastea omen zen zure ametsa... 

Bai, baina etxean nire zirriborroekin zer egin behar nuen erraten zidaten, ez nintzela inora joanen. Kirola ere aunitz maite nuen, arras kirolaria nintzen, eta SHEE-IVEF ikasketen berri izan eta lan munduan irteera zuela jakin nuelarik, horixe ikastea erabaki nuen. Ogibide hori izanen nuela erran nion neure buruari, eta afizio margogintza. 

Baina barneko arantza hortxe zegoen eta ilustrazioaren mundua probatu nahi zenuen, ez? 

Bai. Eta geroztik hainbat  gauza probatzen ari naiz eta mantso-mantso ikasten eta nire bidea egiten ari naiz. Autodidakta naizela erranen nuke. Baina margotzen hasi nintzelarik, Jose Mari Apezetxea eta Tomas Sobrino izan nituen irakasle, batez ere Apezetxea. Bere lana aunitz gustatzen zait eta aunitz markatu ninduen. Eta hortik aitzinera ikusiz ikasi dut. Ilustrazio munduan, berriz, Galtzagorri elkarteak antolatutako lehenbiziko Marraz(i)Oak tailerrean apuntatuta sartu nintzen. Aste bateko ikastaro intentsiboa izan zen, Harkaitz Cano idazlearekin eta Ignasi Blanch ilustratzailearekin egindakoa. Ikastaro hori ez dakit zenbat urtez errepikatu nuen, hasieran Canorekin eta Blanchekin eta gerora, Elena Odriozolarekin eta Gustavo Puertarekin. Arras jende ona da eta aunitz ikasi dut beraiekin eta ikastaro horietan ibili diren ilustratzaileekin.   

Mitxitxi marriau izan zen zure lehenbiziko lana. 2011n argitaratu zenuen. Kontatuko zeniguke?

Bai, eta lan horren arras oroimen polita dut. Neure buruari maila duineko lan bat egiteko kapaz nintzen galdetzen nion, eta gai nintzela ikusi nuen. Oraino gustatzen zait liburu hori, eta oraino gustatzen zaidala diot, ez baititut denak gustuko. Sortzaileak arras exijenteak gara geure buruarekin. 

«Ilustratzaileak ez gara dekoratzaile hutsak»

Nolako lana izan zen? 

Nik beti erraten dut edukia arras inportantea dela eta ipuin hori arras ona da, gure tradizioan arras aspaldikoa. Aita Donostiak 1950ean desagertua zegoen ipuinaren az­tarnak bildu zituen Bidasoko herrietan eta beranduago, Jose Mari Satrustegi Luzaide inguruan eta gehienbat Sakanan aritu zen lan berean. Ipuin horrek zer kontatu nahi duen galdegiten, irakurtzen eta ikertzen aritu nintzen, gero ilustratzeko, ilustratzaileak ez baikara dekoratzaile hutsak. Gure marrazkiekin zerbait kontatu behar dugu, idatziarekin dantzan, baina guk egiten dugunak ere edukia behar du. Hura izan zen Canorekin eta Blanchekin egin nuen lehenbiziko tailer hartara eraman nuen proiektua. Gustura gelditu nintzen emaitzarekin. 

Geroztik hainbertze lan argitaratu dituzu. Bada horien artean lan kuttunik? 

Niretako arras berezia izan zen gure familiako istorioa kontatzen duen Ez da konprenitzen ahal gerra (Cherche’ pas à comprendre!) liburu ilustratua eta gaur egun mundua nola dagoen ikusita, zentzu handia du. Gure aita Aljeriako gerran ibili zen, eta hemen, Hegoaldean, aunitzek ez dakite gerra hori existitu zenik ere. Euskal Herriko bertze istorio bat delako kontatu beharrekoa iruditzen zitzaidan.

Zure aita Gregorioren istorioa da. Azaldu... 

Bai. Nahiz eta baztandarra izan, Aljeriako gerran ibili zen. Nire aitatxi hazpandarra zen, eta Lehenbiziko Mundu Gerratik Hegoaldera eskapatu zen. Amatxi ezagutu eta elkarrekin Erratzun familia sortu zuten. 16 urterekin kontsulatura joateko karta bat ailegatu zitzaien eta espainol ala frantses nazionalitatea izan aukeratu behar izan zuen. Aitatxik Hazparnen bazituen baserria eta lurrak, eta lur horiengatik frantses nazionalitatea aukeratu zuen. Eta nire aitak ere frantses nazionalitatea du, nahiz eta Erratzun sortua den eta ez den ez frantsesa, ez espainola. Aljeriako gerran ibili zen, baina ez zioten gerrara joateko deitu, Frantziak ez baitzuen erraten Aljeriakoa gerra zenik, orduan ordena zaintza deitzen zioten. Han zer zen jakin gabe, 20 urterekin soldadu joan zen. Nire aita bizirik bueltatu zen, baina Iparraldeko 138 lagun hil ziren. 20 urterekin soldadu joan eta batzuk hilkutxetan bueltatu ziren, eta bertze batzuk, nire aita bezala, elbarri. Etxeko istorio hori liburuan kontatu nahi nuen, gerra hartatik pasatu ziren euskaldun haiek guztiak oroituz. 

Zer bide egin zuen liburuak? 

Euskarazko edizioa agortu zen eta berriz berrargitaratu behar dugu. Berriki Alduden liburua aurkezten izan naiz eta arras gustura egon nintzen hango irakurle taldearekin. Nik nire aitari gertatutakoaren berri baino ez nuen, baina han bakoitzak bere istorioa zuela konturatu nintzen. 

‘Belarriko kilkerra’ liburua aurkeztu zuten Durrutik eta Alberdik azaroan Elizondoko Akelarre kulturgunean. Argazkia: Ondikol

Badituzu liburu gehiago ere... 

Bai, eta Bereterretxeren kanthoria ere berezia izan zen. Mikel Laboa Katedrak eskatuta animazio bat egin nuen eta plazer izan zen Carlos Rodriguezekin eskuz esku lanean aritzea [animazioa Youtuben ikusgai dago]. Gerora komiki bihurtu nuen eta gustura gelditu nintzen. Uxue Alberdirekin atera dudan Belarriko kilkerra azken lanean ere aunitz dibertitu naiz. Arras istorio diferentea da, baina dibertigarria. Gure lanean arras proiektu diferenteak izaten ditugu eta igual horregatik egiten zait erakargarri. 

Idazle ezagunen artean zabiltza...  

Bai eta ongi moldatu naiz beraiekin. Ez naiz ni atera haien bila, beraiek etorri dira niregana eta aunitz ikasi dut. Azken batean, denak kontatzaileak gara eta harrikada iduritsua dugu. Egiten duguna ez dugu diruagatik egiten, gauzak kontatu nahi ditugulako baizik. Lan batekin hasten banaiz proiektua gustatzen zaidalako izaten da.

Liburuak idazten ere aritu zara. Zer moduz moldatzen zara?

Idazteko arras traketsa naiz. Mitxitxi Marriau nik moldatu nuen, eta aitaren istorioari buruzko lana ere nik idatzi nuen, baina beti ondoan laguntzeko norbait izan dut. Baina etxeko istorioa izanda nork kontatuko zuen ni baino hobekiago? Hala ere, ez dut neure burua idazletzat hartzen.  

Zer da zuretako zirriborro horiek egitea? 

Niretako zirriborro horiek barneko sentimenduak eta iritziak kontatzeko, transmititzeko eta adierazteko tresna bat dira. Badira zenbait gauza hitzekin adierazten ahal ez ditudanak, eta marrazkiekin bai. Ez gara apaintzaile hutsak, estetikarekin ere gozatzen dugu eta zerbait polita egin nahi izaten dugu, baina horren gainetik zerbait kontatzea da gure helburua. 

‘Belarriko kilkerra’ liburua aurkeztu zuten Durrutik eta Alberdik azaroan Elizondoko Akelarre kulturgunean. Argazkia: Ondikol

Zein teknikarekin moldatzen zara hobekien? 

Teknika berdin zait, edukia da ardura duena, zer nahi dugun kontatu garbi izan, eta gero etorriko da teknika. Hala ere, teknika jakin bat aunitz landua izatea abantaila handia da. Nik margogintzan olioa, akuarela, tenpera, gouache... probatu ditut. Grabatuak ere egin ditut, baita estanpazioak ere. Gaur egun, berriz, ordenagailua aunitz erabiltzen dut, praktikoagoa baita. Proiektu pertsonal batekin ari naiz, eta papera eta papera hasten banaiz...  

Proiektu horretaz zerbait aitzinatzen ahal diguzu? 

Erdi Aroan, 1500. urtean gertatutako istorio bat da, sorginkeria kasu bat. Komiki bat izanen da eta idazle ere ni naiz, baina inguruan laguntzaileak ditut. Dokumentazio lana ez dut nik egin, historialari bat dut ondoan. 

Eta noiz izanen dugu esku artean? 

Presarik gabe ari naiz, urteak joaten ahal dira argitaratu arte. 

Etorkizunera begira baduzu bertze proiekturik buruan?

Proiektu horrez gain, Uxue Alberdirekin bertze lan bat egiten ari naiz. Bitartean gustuko zerbait etortzen bada, horrekin hasiko naiz. Ez naiz diruagatik ari. 

«Egiten dudana ez dut diruagatik egiten, gustuko dudalako baizik»

Nolako lanbidea da ilustratzailearena?

Zaila... Liburuetako ilustratzaile lanetik bizitzea ezinezkoa ikusten dut. Euskal Herritik kanpo joan edo bertze merkatuak bilatu behar dira eta hala ere, zaila da. Nik ez dut horretarako indarrik. Atera kontuak, liburuaren salmentaren % 10 egileak eramaten du, eta egileetan irudigilea eta idazlea baldin badira, irudigilea % 5arekin geldituko da. Eta zenbateko tirada dute Euskal Herrian argitaratzen diren liburuek? Horixe da errealitatea eta horregatik erraten dut hau ez dudala diruagatik egiten, gustatzen zaidalako baizik. 

Baduzu gustuko ilustratzailerik? 

Aunitz dira gustuko irudigileak, baina batzuk aipatuko ditut. Quentin Blake arras dibertigarria iruditzen zait, Jokin Mitxelena ere gustatzen zait, arras freskoak dira. Eta molde berean, Iñaki Martiarena Mattin ere gustukoa dut. Elena Odriozola ere mundu mailan Euskal Herriko ilustratzailerik hoberenetarikoa dugu. Manu Larcenet ere gustatzen zait, Beatrice Alemagna... Odriozola, Mattin eta Mitxelena hurbilekoak ditugu, Euskal Herrian ere badira arras maila oneko irudigileak.  

Ilustratzaileak ez zaretela dekoratzaile hutsak azpimarratu duzu. Zuen lana baloratua da? 

Gero eta gehiago. Lehen ez zen hain baloratua izaten, eta liburu ilustratu bat ateratzen zutelarik, idazlearen izena bakarrik agertzen zen, ilustratzailearen izenik ez. Gaur egun gero eta gehiago hartzen da ilustratzailearen lana kontuan, eta gero eta lan zoragarriagoak ikusten ari gara, lan ilustratuak gero eta toki gehiago hartzen ari dira liburu dendetan. Mantso-mantso, baina ari gara. 

Begoña Durrutiren argitalpenak
  • Mitxitxi Marriau (Erein, 2011): Begoña Durruti.
  • Sekretuen lapurrak (Erein, 2011): Alaitz Olaizola eta Begoña Durruti.
  • Mozoloaren bakardadea  (Erein, 2012): Juan Luis Zabala eta Begoña Durruti.
  • Aita oker dago (Erein, 2014): Juan Luis Zabala eta Begoña Durruti.
  • Ez da konprenitzen ahal gerra! (Denonartean, 2016): Begoña Durruti.
  • Bereterretxeren kanthoria (Denonartean, 2017): Anonimoa 1434-1449 - Begoña Durruti.
  • Gerrateko ibilerak (2018 Hauspoa): I. Alkain-A. Zabala eta Begoña Durruti. 
  • Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak (Elkar, 2020): A. Urkiza eta Begoña Durruti.
  • Amaiur. (Gaztelu elkartea, 2022): Amaia Elizagoien eta Begoña Durruti.
  • Belarriko kilkerra (Elkar, 2023): Uxue Alberdi eta Begoña Durruti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun