Palestinaren aldeko hainbat ekitaldi eginen dituzte otsailean Baztanen

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 1a, 10:30

Bihar izanen da lehen jarduera, Palestinako erresistentziari buruzko solasaldia Arizkunenean

Yala Baztan Palestinarekin plataformak Palestinaren aldeko hainbat jarduera antolatu ditu otsailean Baztanen, 'Hipokrisiari stop!' izenpean. Martxoaren 2an, berriz, elkarretaratzea eginen dute, Nafarroako bertze hainbat herritan bezala, eta dirua bilduko dute Israelgo lehen ministroa auzipetzeko.

Otsailaren 2an, ortziralea, 'Erresistentziaren ardatza. Sionismoaren kontrako borroka eta PAHFren papera' solasaldia antolatu dute Jarkiren laguntzaz. Fayez Badawi izanen da hizlaria, PAHFko militantea eta bozeramaile ohia, eta Arizkunenean 19:30ean izanen da hitzordua, gazteleraz.

Otsailaren 23an, ortziralea, 'Gatazkaren klabeak' solasaldia aurkeztuko du Lidon Sorianok, gazteleraz. Osasun larrialdietan doktorea eta erizaina da Soriano, eta 20 urtez aritu da bertan lanean. Arizkunenean 19:00etan izanen da solasaldia.

Biharamunean, otsailaren 24an, 'Nire hitza ez dezala haizeak eraman' mural pintaketa eginen dute Arizkungo Lamiarrietan. 10:30ean izanen da hitzordua eta adin guzietako herritarrak animatu dituzte parte hartzera.

Diru bilketa eta elkarretaratzeak

Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak bat egin du Gernika-Palestinak proposatutako ekimenarekin, eta diru bilketa abiatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko auzitegietara eramateko, jurista palestinarren eskaera baten bidez. Gaza berreraikitzen laguntzeko ere bilduko dute dirua, Mundu Bat GKEaren bidez.

Horretarako, herritarren eta erakundeen eskura paratu dute hurrengo kontu zenbakia: ES36 3035 0083 28 0830140037. Bertan zehaztu beharko da dohaintza zein izanen den. Gainera, Bizum bidez ere lagundu daiteke, dohaintza atalean Mundubat edo 08837 kodea bilatuz.

Honez gain, elkarretaratzeak eginen dituzte martxoaren 2an eta 3an Nafarroako zortzi herritan, tartean Elizondon eta Leitzan, '2 ordu elkartasun aktiboan Palestinar herriaren defentsa'. Elizondon hilaren 2an izanen da, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara plazan. Diru bilketarako ontziak ere izanen dira elkarretaratzean. Martxoaren 9an, berriz, herri guztietako kideek ekitaldi haundi bat eginen dute Iruñean.

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek diru bilketa abiatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun