Zuhaitzaren eguna eginen dute asteburuan Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 16:00
Irudia: Freepik.com

Egun osoko egitaraua izanen da larunbatean, eta txopoak eta gaztainondoak landatuko dituzte Lamiarrieta eta Xuberon borda inguruetan. Igandean, berriz, haurrendako zinema proiektatuko dute

Arizkungo Herriak Zuhaitzaren eguna antolatu du asteburuan, eta egun osoko egitaraua izanen dute otsailaren 3an. 10:00etan txopo eta gaztainen landaketa eginen dute: Lamiarrieta inguruan 10 txopo eta Xuberon borda inguruan 50 gaztainondo. 13:00etan aperitiboa izanen da. Parte hartze kopurua jakiteko, izena emateko eskatu dute antolatzaileek.

Arratsaldean segituko du jardunaldiak. 17:00etan ipuin kontaketa musikatua izanen da Amelirekin, eta ondotik pintxoak jateko aukera izanen dute bertaratzen diren guziek. Eguna borobiltzeko, Bidenabar taldeak kontzertua emanen du 19:00etan.

Larunbatean ez ezik, igandean ere haurrek izanen dute zer ikusi. 17:30ean zinema proiekzioa izanen da, eta Ainbo, Amazoniako gerlaria filma ikusteko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun