Baztango Udalak bat egin du guttieneko 1.080 euroko pentsioen eskaerarekin

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 26a, 12:30

Atzoko osoko bilkuran aho batez onartu zuten 1.080 Orain herri ekimenak aurkeztutako mozioa

Plataformak adierazi duenez, «1.080 euroko guttieneko pentsioa eskatzea premia sozial urgentea eta justiziazkoa da, eta erakunde publikoek beharrezko erabakiak hartu behar dituzte herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko; baldintza horiek lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, guttieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte».

Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, «gero eta pentsiodun gehiagok eteten ditu etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitutakoa lortzeko aukerak, elikadura osasuntsua, osasuna bermatzea eta mendekotasuna artatzeko dituzten premiak arintzeko arreta eraginkorra bermatzea, etab. Gaur egun, Nafarroan 50.949 pentsiodunek 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik, eta horietako gehienak, % 67, emakumeak dira».

Izan ere, «genero-arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan. 1080 euroko guttieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke aipatutako genero-arrakala pentsioetan».

Hori dela eta, milaka pentsiodunek parte hartu dute azken sei urteetan 1.080 Orain plataformak antolatutako mobilizazioetan, «eta ondorioztatzen dugu ez dagoela hori ez egiteko arrazoi ekonomiko edo politikorik». Hortaz, Baztango udalbatzak bat egin du pentsiodunen eskaerarekin; «Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari eskatzen diegu 2024tik aitzinera beharrezko aurrekontu partida gaitu dezan, pentsiodunen pentsioa 14 ordainsaritan 1.080 eurora arte osatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun