'Zaintza erdigunean' kanpaina abiatu dute Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 26a, 11:00

Irudia: Freepik.com

Etxeko eta zaintzako langileen egoera ikustaraztea eta horien eskubideen inguruan sentsibilizatzea du helburu kanpainak

Lan eskubideen eta genero berdintasunaren defentsaren esparruan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Baztango Berdintasun Zerbitzuak 'Zaintza erdigunean' kanpaina abiatu dute, etxeko eta zaintzako langileen lan-baldintzak ikusarazteko. Kanpainarekin «mugimendu feministak 2023ko azaroaren 30erako sustatutako zaintza greba eta ordura arteko lanketa guztia balioan jarri eta aprobetxatu nahi du Udalak, Baztango jendartea sentsibilizatzen eta informatzen segitzeko».

Baztango Udalaren Berdintasun Planean jaso dute ekintza: «lehenik eta behin, zer den zaintza eta zer suposatzen duen azalduko dugu, hainbat irudi eta mezuren bidez, eta ondotik, zaintzan modu profesionalean dabiltzatenen eskubide eta kondizio minimoak azalduko ditugu». Kanpaina 2024ko urtarrila akabailan hasiko da eta astero eguneratuko dute, irudi bat eta mezu bat izanen duten posten bidez. Gainera, webgunean atal bat egin dute honi buruzko informazioa eta bertze material interesgarri batzuk aurkezteko.

Azaldu dutenez, «pertsona guztiok behar ditugu zaintzak bizitzan: haurtzaroan, zahartzaroan, gaixotasunean, dolu emozionalean edo ahultasun materialean zaintza areagotu egiten da. Beraz, arreta jaso beharko dugu edo bertze pertsona batzuk artatu beharko ditugu bizitzako edozein unetan».

Eguneroko zaintzak hiru elementutan banatu dituzte:

  • Etxeko lana: Gure etxeak eusten dituen zimendu ikusezina. Lan horiek bizitzako gainerako alderdi guziek funtzionatzeko aukera ematen dute.
  • Laguntza behar duten pertsonen zaintza: Pertsona ahulenak zaintzea, haurrak, adinekoak edo premia bereziak dituzten pertsonak, gure errekonozimendu eta laguntza guzia merezi duen zeregin ausarta eta funtsezkoa da.
  • Buru-karga: Koordinazio ikusezina, zaintzen dutenen sorbaldetan erortzen dena, gehienetan emakumeak. Hitzorduak gogoratzea, otorduak planifikatzea eta eguneroko bizitza antolatzea karga mentalaren alderdiak dira, eta aunitzetan lan ikusezinak dira, baina eragin handia dut ongizate emozionalean, atsedenaldian eta, azken finean, bizi-kalitatean.
Egungo egoera: etxeko langileei eta zaintzaileei begirada bat

Etxeko eta zaintzako langileek «berebiziko garrantzia dute gure jendartean, eta funtsezko zerbitzuak ematen dituzte familia aunitzek laneko erantzukizunak eta erantzukizun pertsonalak uztar ditzaten. Hala ere, aunitzetan lan baldintza prekarioei, soldata baxuei eta errekonozimendu faltei egin behar izaten diete aurre. Bere lanaren ikusezintasunak eta erregulazio egoki ezak funtsezko sektore horretan desberdintasunak eta bidegabekeriak egotea laguntzen dute».

Etxeko langile aunitzek «ez dute lan kontratu formalik eta horrek esplotazioarekiko zaurgarri uzten ditu, eta oinarrizko lan onurak eskuratzea zailtzen du. Gainera, maiz, sektore horretako langileek gutxieneko estandarren oso azpitik dauden soldatak jasotzen dituzte eta horrek desberdintasun ekonomikoari eta pobrezia arriskuari laguntzen die. Sektore horretarako lan erregulazio espezifikorik ez dagoenez, etxeko langileak babesik gabe gelditzen dira abusuen, diskriminazioaren eta indarkeriaren aitzinean».

Kanpainaren bidez, «jendartea kontzientziatu nahi da etxeko eta zaintzako langileen lan-baldintzak hobetzearen garrantziaz, jendarte osoaren erantzukizuna baita». Hortaz, herritarrak kanpainarekin bat egitera animatu dituzte: «partekatu irudiak eta mezuak, komentatu kanpaina zure inguruko pertsonekin, sustatu berdintasuna eta egin dezagun bidezko lan-eskubideen alde».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun