Joan den astean jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa izendatu zutela Artesiagako meategi proiektua, Magnesitas Navarras enpresak sustatua.
Meategia Baztango herri lurretan egin nahi dute, Erdizko bazkalekuan hain zuzen, «mendez mende Baztango milaka abeltzain eta nekazarik beren azienda alhatu duten herri lurretan». Gaur egun ere, «aunitz dira eremu horretan azienda alhatzen duten baztandarrak: 2023an, erraterako, 90 abeltzainek ehunka abelburu eraman dituzte beren behor, ardi eta behiak alhatzera».
Hori dela eta, Baztango Udalak EH Bilduren mozioa onartu zuen atzo, hiru proposamen eginez:
- Nafarroako Gobernuari eskatzea Magnesitas Navarras SAk sustatutako aire zabaleko meategiaren Udalaz Gaindiko Eragineko Sektore-Proiektu izendapena deuseztatzea.
- Nafarroako Gobernuari eskatzea Baztango herri lurretan egin nahi den meategiaren inguruko galdeketa antolatzea, baztandarren iritzia jakiteko eta galdeketaren emaitza errespetatzea.
- Udalak baztandarren eta herri lurren defentsa egiteko konpromisoa hartzea behar diren ekinbideak jarraituz.