10.536 bisita izan ditu Baztango Liburutegi Publikoak 2023an

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 23a, 16:00

Urtea akituta, iazko estatistikak bildu ditu Baztango Liburutegi Publikoak. Bertzeak bertze, 5.404 mailegu egin zituzten eta 120 erabiltzaile berrik egin zuten txartela

«Kulturari, aisiari eta informazioari lotutako zerbitzu publikoa» da liburutegi publikoa, hortaz, «edozein adin, etnia, genero, erlijio, nazionalitate, hizkuntza edo gizarte egoeran dauden pertsonei eskainitako zerbitzua da, debaldekoa, noski».

Hori sustatzeko eta ezagutzera emateko, ohiko maileguez gain ekintza ugari egin zituzten iaz: bilerak, bisita gidatuak, solasaldiak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak… Idoia Sobrino liburuzainak azaldu duenez, «kontsumismo ekonomikotik libre dagoen egoteko espazio bat da, sormena eta irudimena garatzeko toki bat… aisialdian nor bere buruarekin, lagunekin edo familiarekin egoteko toki goxo bat. Eta hala dela baieztatzen ahal dute joan den urtean Baztango Liburutegi Publikotik pasatu ziren milaka lagunek». Hauek dira iazko datuak:

  • Liburutegiko erabiltzaileen bisita kopurua (onlineko edo telefono bidezko erabiltzaileak kontuan hartu gabe): 10.536
  • Txartela egin duten erabiltzaile berrien kopurua: 120 (67 heldu eta 53 haur)
  • Liburutegian dauden ordenagailuak erabili diren aldi kopurua: 515
  • Liburutegian dauden aldizkari izenburu kopurua: 17
  • Liburutegian dauden egunkari izenburu kopurua: 2
  • Bilduman sartutako dokumentu berrien kopurua (CD, DVD eta liburuak): 803
  • Bildumatik kendutako dokumentu kopurua (CD, DVD eta liburuak): 817
  • Bilduma osatzen duten dokumentuen kopurua (CD, DVD eta liburuak): 23.815
  • Egindako ohiko maileguen kopurua (CD, DVD, liburu, aldizkari eta margolanak): 5.404
  • Egindako Liburutegien Arteko Mailegu kopurua: 95
  • Antolatutako jarduera kopurua: 84
  • Liburutegiak dituen sare sozialak: Telegram eta Youtube
  • Liburutegiak dituen proiektu kolaboratiboak: Baztango Liburutegien Sarea (eskola liburutegiekin), Liburuaren Eguneko azoka (liburu-dendekin), Gau Beltza Komisioa (Elizondoko eragile desberdinekin) eta Baztango Udalaren zerbitzuak (Kultura (“Arteka” margolanen mailegua eta ortziraletako mahai-jokoak), Gizarte Zerbitzuak (Giza liburutegiak), Euskara eta Berdintasuna (literatur solasaldiak), Hondakinak (Xahuketaren txokoa)…).

Hala ere, «baztandar guztiei kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini ahal izateko, hobekuntza batzuk beharrezkoak dira: alde batetik, eraikina termikoki zein espazio eta altzari aldetik hobetzea liburutegi publiko batek dituen beharrei erantzun ahal izateko, eta bertzetik, langile gehiago izatea bai goizetan ireki ahal izateko zein herriz herri joan ahal izateko, eta baita urte guztian zerbitzua eskainiko dela bermatu ahal izateko. Horiek 2024ari eskatzen dizkiogunak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun