Zein helburu ditu Talde Ekosozialak?
Talde Ekosozialaren helburua da, Baztanen batez ere, baina baita eskualde osoan ere, trantsizio ekosoziala bulkatzea eta horretarako baldintzak sortzea. Ideia berriak ekartzen eta eztabaidak sortzen saiatzen gara, eta horretarako solasaldi andana antolatu ditugu, nahiko maila haundikoak: Jorge Riechmann, Luis Gonzalez Reyes, Lorea Flores… eta orain berriki Markel Peñalba, berriztagarrien eztabaida plazaratzera. Ekitaldi horiek formakuntzara begira dira, baina ekintza praktikoagoak ere egin izan ditugu; bizikleta martxak, pintaketak, tailerrak…
Aldaketa klimatikoa duzue ardatzetako bat. Jendea kontziente da egiazko egoeraz?
Zorionez, aldaketa klimatikoaz denak gara kontziente, eta hori azken 50 urteetako borroka ekologistaren garaipena da. Gainera, jendeak ondorioak ikusi ditu; aurtengo udazkena, adibidez, mantsoago etorri da, eta joan den urteko udan inoiz ikusi ez genituen idorteak izan genituen, eta aldi berean egundoko uholdeak Iparralden eta Erriberan. Jendeak badaki zerbait gertatzen ari dela. Urtean 25 milioi errefuxiatu klimatiko egotea espero da. Baina ez gara kontziente horretan guk zenbateko eragina dugun. Hego Euskal Herrian, adibidez, pertsonako karbono aztarna 8,7 CO2 tonakoa da urteko, eta mugak 1-2 izan beharko luke.
«Ez gara kontziente kliman zenbateko eragina dugun»
Hainbertzetan aipatzen da gibelerat bueltatu ezineko mugak gainditzen ari dela mundua. Zein dira muga horiek?
Datuen arabera, 1980 inguruan gainditu genuen planetaren muga energetiko-materiala, eta ordutik etorkizuna hipotekatzen ari gara. Baina hala behar zuen kapitalismoan, ezin baita ‘zirkularra’ izan. Kontsumoaren hazkunde infinitua du helburu, tumore batek bezala. Teorikoki solastuta, Planetary boundaries izeneko eskema egin du Estokolmoko Unibertsitateak, bederatzi irizpiderekin. Azken ikerketen arabera, horietatik sei gainditu ditugu. Hor larritasun mailak daude, baina adibidez, bioaniztasunaren galeran muga guziak gainditu ditugu, eta aldaketa klimatikoan ere segurtasun mugatik kanpo gaude. Baina badaude ezagutzen ez ditugun gauzak ere, adibidez, nitrogeno eta fosfato zikloak erabat deskoordinatu eta gainditu ditugu, masiboki erabiltzeagatik. Naturara bota ditugun mikroplastikoak eta elementu artifizialak kezkagarriak dira; gaur egun, ez dago mundu osoan leku bakar bat ere molekula artifizial bat aurkitu ezin daitekeenik. Amazoniako azken arbolaren puntan ere topatzen ahal dira.
Konponbidearen parte kontsumoa murriztea eta energia berriztagarriak erabiltzea dela erraten da. Zaila da?
Krisi ekosozialari kontra egiteko ez dugu irtenbide bakarra; ditugun tresna guziak erabili beharko ditugu. Gure erronkarik haundiena gure kontsumoaren ttipitzea da, baina ez da bakarra: efizientzia bilatzea, langileak bertokiratzea, ekonomia gure lurraldera ekartzea… eta trantsizio energetikoaren oinarri nagusietako bat energia berriztagarriena da.
Gaur egun berriztagarriekin elektrizitatea bakarrik lor dezakegu, erabiltzen dugun energiaren laurdena. Zenbateraino merezi dute energia berriztagarriek?
Energia kontsumoa pixkanaka gero eta gehiago elektrifikatzea da ideia. Kontsumo energetiko totala jaitsi behar dugu, baina proportzio elektrikoa igo, adibidez, anbulantzia elektrikoak paratuz. Eta gaur egun elektrizitatea erabiltzen dugun energiaren laurdena baldin bada ere, Hego Euskal Herrian ez gara ailegatzen berriztagarriekin kontsumo elektriko hori betetzera; % 14 da berriztagarria. Nafarroan energia elektrikoaren erdia da berriztagarria. Aunitzetan errepikatzen da Nafarroak energia kanpora esportatzen duela eta soberan dugula, baina ziklo konbinatuarekin ekoizten duelakoz da, hau da, gasarekin. Elikagaiak ere esportatzen ditugu eta horrek ez du erran nahi autosufizienteak garenik; kapitalismoaren eskema da. Erranen nuke Europan ez dagoela toki bakar bat ere energia berriztagarriekin burujabea denik. Nafarroan ekoiztutako energia berriztagarri guzia hemen geldituko balitz ere, ez genuke kontsumo osoa inondik ere asetuko. Autokontsumoa ez da aski ditugun behar energetikoak lortzeko; ospitaleak, eskolak… horregatik, geure buruari galdetu behar diogu zertarako gauden prest.
Gure herrietan aldaketak egitea planteatzen hasi beharko genuke?
Gauza aunitz planteatu behar ditugu, eta horietan lehentasuna du gure kontsumo orokorarren ttipitzeak; herriak oinezkoendako moldatzea, makrogranjak eta AHT bezalako proiektuak geldiaraztea… etxebizitzaren sektorean, adibidez, Baztanen 800 etxebizitza huts inguru izanik, zertarako egin behar ditugu etxe gehiago? Aspaldian hasi beharra genuen gauza hauek planteatzen, batez ere aldaketa klimatikoaren larritasunagatik; sei urte ditugu gure isuriak % 45 jaisteko, 1990ekoekin konparatuta. Sei urte 1,5 graduak ez gainditzeko. Hortaz, ikaragarri agudo egin behar dugu hau, urtero % 7 jaisteko gure emisioak. Erreferentzia bat izateko, pandemia garaian, erabateko geldialdi ekonomikoan, % 5 bertzerik ez zen jaitsi. Horrek erakusten digu gure erronkaren dimentsioa ikaragarria dela eta iraultza kultural bat behar dugula.
Eta jendea prest ikusten duzu horrelako aldaketa baterako?
Gauzak azaltzen direnean, jendea prest dago. Kontua da energia kanpotik ekarri izan dugula beti, eta ikusezina izan da guretako. Oliobideetan etorri da, hain urrun ikusten ditugun hegoaldeko herrialdeak xehatuz. Amazonian, Kongoko ibai erroan eta Asiako hego-mendebaldean energia fosilen erauzketarako ikaragarrizko proiektuak planteatu dituzte. Horiek izugarrizko inpaktua dute. Gainera, lurralde horiek munduko bioaniztasun osoaren bi heren dituzten eremuak dira. Ezin dugu atzendu gure dependentzia fosila dela jendartearendako arriskurik haundiena orain eta hemen, eta gu garela kolonialista energetikoak. Energia beti kanpotik hartu dugu, eta orain gure gain hartzea tokatzen zaigu. Horretarako gure energia beharrak zein diren ikusi beharko dugu, eta horren arabera gure inguruan baliabide batzuk paratu beharko ditugu.
«Autokontsumoa ez da aski gure beharrak asetzeko»
Zein onura ekarriko lituzkete berriztagarriek?
Energia berriztagarriak betebehar bat dira, baina aukera bezala ere ikusi behar ditugu. Aldaketa klimatikoa gelditzen hasteko aukera da, baina baita energia demokratizatzeko aukera ere. Gaur egun Ekialde Hurbileko herrialde batzuek ekoizten dute energia, eta horietako batzuek gobernu ez demokratikoak dituzte, autoritarioak. Gure dependentzia energetikoak eramaten gaitu haiekin negoziatzera, Qatarrekin, adibidez. Gazan ere, iparraldeko herriek fosilen inguruko negoziazioak egiten dituzte Israelekin, gertatzen ari dena probestuz. Dependentzia energetikoa dugun momentuan, geopolitikak halako gauzak onartzera eramaten gaitu. Energia gurera ekartzen badugu demokratizatzen ahalko dugu, publikoa eta komunitarioa izan dadin, herritarren esku. Honek elementu pedagogikoa ere izanen luke, horrela ikasiko genukeelako zein diren gure behar energetikoak. Energia berriztagarriekin lanean hasi arte, ez gara kontziente izanen daukagun behar fosil ikaragarriaz.
Honi lotuta, hainbat plataforma ditugu eskualdean.
Plataforma horietan hiru erantzun egoten dira: hemen ez; pribatuak ez; edo ez hemen ez inon. Azkeneko horiei galdetuko nieke: orduan zer proposatzen duzue? Nola aseko ditugu gure behar minimoak?... Autokontsumoaren alternatiba izaten da haien erantzuna. Autokontsumoa beharrezkoa da, baina ez da aski. Eguzki panelak ongi daude, baina zer eginen dugu hemen, Kantauri aldean, neguan? Dena bateriekin ordezkatzea astakeria materiala izanen litzateke. Bertze energia formekin osatu behar da; hidraulikoa, eolikoa… Burokrazia aldetik ere, etxe bateko teilatuan panelak paratzea zaila da, eta masiboki egitea oraindik gehiago. Bertze eskala bateko proiektuak errazagoak dira paratzeko.
Proiektu horiek kezkak sortzen dituzte herritarren artean…
Bai, eolikoek faunan eta batez ere hegaztietan duten inpaktua kezka haundia da, nahiz eta teknologia hobetzen ari den horiei irtenbidea emateko, adibidez, txorien pasak detektatzean geldiarazten dituztenak. Baina kalte hori txorien arrisku guzietatik ttikienetakoa izanen litzateke. Inguru urbanoetan hegaztien arriskurik haundienak katuak dira, edo tentsio altuko lineak, adibidez. Eta azken horiek denok normalizatu ditugu. Baina jendeari gehien eragiten diona paisaia da, eta horrek zentzua dauka, gure identitatearen parte delakoz. Hori kontuan hartu behar da, baina aldi berean, paisaiak puntu subjektibo bat dauka, kulturala da. Alemanian, adibidez, ongi ikusten dituzte eolikoak, energia garbia irudikatzen dutelakoz. Onartu beharra duguna da mundua aldatzen ari den honetan, hemen denak berdin segitzea asunto txarra dela, zerbait gaizki egiten ari garenaren seinale. Gaztela Mantxan haize errotak onartu diren bezala, ondare kultural bihurtzeko punturaino, bertze eolikoekin zergatik ez? Eta estetikoki itsusia iruditzen bazaigu ere, aldaketa klimatikoari buelta emateko sei urte ditugularik, gure argudio nagusia hori izanen den planteatu beharko dugu.
Hala ere, adierazi duzue ezin dela edozein proiektu eta edozein baldintzatan onartu. Zein dira baldintza hauek?
Energia berriztagarriak enpresa haundiek sustatu dituzte, etekin ekonomikoaren helburuarekin, eta horrek mesfidantza haundia sortu du populazioan. Normala da; aldaketa klimatikoa sortu duten enpresa berak orain berriztagarriak paratzen ikusteak ez du inolako konfiantzarik sortzen. Gauzak hobekiago egiten ahal dira, adibidez, bioaniztasunaren inpaktua ahalik eta ttikiena eginez. Horretarako ongi planifikatu behar dira proiektuak, ziklo osoa irizpide sozial eta ekologikoekin eginez: materialen erauzketatik hasi (panelendako silizioa Txinan egiten da, adibidez) eta eolikoak % 100 birziklagarriak izateraino. Gainera, energia honek petrolioa, gasa eta ikatza ordezkatu behar ditu, bertzenaz, bertzerik gabe energia gehiago ariko ginateke sortzen, deus hobetu gabe. Esaldi batean: berriztagarri gehiago eta hegazkin gutiago. Azkenik, energia herritarren esku utzi behar da, izan ere, etekin ekonomikoa baldin bada helburu bakarra, edozein tokitan eta modutan paratuko dituzte, inoren beharrak errespetatu gabe. Lurraldearekin oreka bilatu behar da, eta sozialki positiboa izatea. Gure inguruan kooperatiba energetikoak ditugu; Beran, Leitzan, Berroetan… proiektu ttiki horiek erabat eredugarriak dira, eta hortik haratago bertze eskala bateko energia berriztagarriak ere beharko ditugu.