ELA sindikatuak adierazi duenez, «Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) Baztan eta Esteribar artean dagoen Erdiz inguruan magnesita meategia eraikitzeko Udalez Gaindiko Eragin Plan Sektoriala (PSIS edo UGEP) onartu zuen atzo. UGEPak udalaz gaindiko interesekotzat jotzen du proiektua, eta horrek udalak eskumenik gabe uztea suposatzen du. Azken batean, herritarrek baztertzen duten proiektu batekin aurrera jarraitzea erabaki du gobernuak».
Gainera, 2022an gobernuak «proiektuari buruzko herri kontsulta ez baimentzea erabaki zuela» salatu dute, eta «abeltzaintza estentsiborako erabiltzen diren herri-lurrak pribatizatu nahi dituztela enpresa bati, Magnari, mesede egiteko». Hortaz, UGEParen onarpena «ingurumenean eta gizartean eragin handia izango lukeen proiektu bat inposatu nahi duen politikaren barruan» sartzen da.
Azpimarratu dute «ezin dela meatze proiekturik egin» Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) batean, «Auzitegi Nagusiak Zilbetiko Minaren proiektua baliogabetu zuen epaian dioen moduan. Epai hori Auzitegi Gorenak berretsi zuen». Nafarroako Gobernua «jakitun da proiektuaren larritasunaz, eta edozein oztopo gainditzen saiatzen ari dira». Hortaz, «ELAk Erdizko meategiaren tramitazioa geldiaraztea eskatzen du».