Sei urte hauetan lortutakoa gogoan, borrokan segituko dutela azpimarratu dute pentsiodunek Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 16a, 13:30

Atzo eguerdian 38 lagun bildu ziren Elizondoko plazan.

Sei urte pasatu dira pentsiodunen mugimenduak karrikara ateratzen hasi zirenetik, eta lortutakoaren errepasoa egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek Elizondon egin duten urteko lehenbiziko elkarretaratzean.

Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, 38 lagun bildu ziren atzo eguerdian Elizondoko plazan. Bertzeak bertze, sei urteotan egindakoa txalotu nahi izan zuten: «2013ko PPren erreformak finkaturiko Pentsioen Errebalorizazioaren Indizea (% 0,25) indargabetzea; Pentsio Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela erakustea; Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta gure pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea». Horrekin batera, aurten pentsioek izanen duten «% 3,8ko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokaren ondorio dela» aipatu zuten.

«Osasun publikoaren alde eta menpekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioaren aldeko mobilizazioetan» parte hartzen segitzen dutela ere oroitarazi zuten atzoko agerraldian: «Langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi diegu». Bide beretik, «Euskal Herrian mobilizaziorako erreferente izatea lortu izana eta estatuko bertze herri eta erkidego batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizazioak partekatzea» goraipatu zuten. Aldi berean, «argi» utzi zuten «orain arteko borroka dinamikarekin segitu beharra dagoela».

«Argi dago orain arteko borroka dinamikarekin segitu beharra dagoela»

Joan den astean Gizarte Segurantzak Donezteben duen bulegoa berriz ireki izana ere berri pozgarritzat jo zuten, eta horren harira, «2019ko ilbeltzetik aitzinera alargun pentsioaren ehunekoa handitzeko aukera dagoela» oroitarazi zuten; «oinarri arautzaileari % 52 aplikatzetik % 60 izateko eskubidea dago, zenbait baldintza betetzen badira». Hala, «egoera horretan dauden alargunei zerbitzuan eskaria egiteko» deia egin zieten.

'Orain 1.080'

Gainerakoan, Orain 1.080 ekimenak aitzinera segitzen du, eta Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendukoek atzo jakinarazi zutenez, mozioak aurkeztu dituzte eskualdeko zenbait udaletan, «bertze gauzen artean, Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari pentsiodunen pentsioa 14 ordainsaritan 1.080 eurora arte osatzeko eska diezaieten». Horri lotuta sinadura bilketa ere egin dute, eta «400 sinaduratik goiti» bildu dituzte.

Atzoko elkarretaratzea «Palestinan eta bertze lurralde batzuetan sufritzen ari diren erasoa» salatuz bukatu zuten: «Berriz eskatzen dugu herri guztiak aske bizitzeko duten eta dugun eskubidea errespetatzea, justizian oinarrituta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun