Oianko Garde Jaunsaras

«Ilusio handia dugu Larraldean txotx denboraldia irekitzeko»

Ttipi-Ttapa 2024ko urtarrilaren 12a

Oianko Garde, Xabi Torres eta Marijo Indabere dira kooperatibako hiru langileak. Ondikol.

Eztibeltza Kooperatibak Lekarozko Larraldea sagardotegia hartu zuen iaz, eta lan handiaren ondotik, Nafarroako txotx denboraldiaren irekiera eginen dute bertan ilbeltzaren 19an. Dena prest dutela kontatu digu kooperatibako kide den Oianko Gardek

«Bertan eta era kooperatiboan lan egin eta bizi daitekeela» erakusten duen elkartea da Eztibeltza Kooperatiba, «denok badugu zerbait, dirua ez bada, ahalmena, eta denok zerbait emanez egin dugu proiektua».

Noiz eta zergatik sortu zenuten Eztibeltza?

2022an sortu genuen kooperatiba, gure proiektua aitzinerat atera ahal izateko. Gaur egun, Eztibeltzak Larraldea sagardotegiaren eta Arizkungo Gamioxarrearen kudeaketa darama. XVIII. mende erdialdeko sagardo fabrika da Gamioxarrea, eta bertan bisita gidatuak egiteko aukera ere badugu. Beraz, gure lanak sagardogintza, ostalaritza eta kultura uztartzen ditu.

Zenbat lagun zarete?

14 kooperatibista gara osotara, eta horietatik hiru langileak gara: Marijo Indabere, Xabi Torres eta ni.

Iaz Lekarozko Larraldearen lekukoa hartu zenuten. Nolako esperientzia izan da?

Lan handia egiten ari gara, sortutako edozein proiektuk eskatzen duen gisara, baina esperientzia ederra izan da eta izaten ari da!

Jendearen aldetik erantzun ona izan du?

Bai, alde horretatik kontent gaude. Auzolanean jende aunitzek lagundu zigun, eta sagardotegia ireki genuelarik jendeak erantzun ona eman zuen. Guretako hori arras inportantea zen.

Sagardo ekologikoa egiten duzue. Zer erran nahi du horrek?

Sagarra eta sagarrondoa gisa naturalean zainduak izan direla, baita sagardoa egiteko prozesua ere. Ez dago genetikoki aldatua eta ez zaio kimikorik eransten. Ekologikoa dela egiaztatzeko ziurtagiria behar izaten du.

Horrek lan handiagoa du?

Bai, erran bezala ziurtatua egon behar du eta horrek prozesua aldatzen du: gehiago zaindu behar da ez hondatzeko, zorroztasun handiagoa eskatzen du… baita erakundeekiko ere, horren guziaren kontrola eraman behar baita.

Nongo sagarra erabiltzen duzue?

Sagarrondoak bi urtean behin ematen du, hori du bere prozesu naturala. Urte bakoitietan gurean sagar aunitz baditugu, bertako sagarrarekin egin ahal izaten dugu. Aurtengo sagardoa, 2023ko uztaren zukuarekin egina, % 100 Baztango sagarrekin egin ahal izan dugu. Hortaz, Lekaroz, Arizkun, Azpilkueta, Irurita eta Elizondoko kupelak dastatzeko aukera izanen da. Urte bikoitietan, berriz, Izpuratik ekartzen dugu sagarra. Bertan ekologikoa badago eta hango sagar motak berdintsuak dira. Baztanen sagardogintzak harreman handia izan du beti Iparralderekin.

Eta zein barietateko sagarrarekin aritzen zarete?

Sagar mota anitza da, baina batzuk aipatzearren: Eztibeltza, Eztigorria, Eztixuria, Anixa, Narbarte gorria, Erreka sagarra, Burdintxe…

Joan den urrian zukua egin zenuten Gamioxarrean modu tradizionalean…

Bai, lehen Kirikoketa besta zena orain Larrazken kulturala bihurtu dugu; auzolanean aritzeko asteburua antolatzen dugu Gamioxarrean. Helburua XVIII. mendeko dolarea martxan paratzea eta fabrika bizirik mantentzea da. Bertako dimentsioak ttipiak dira, etxekoak, eta iaz 1.000 litro inguru kupelaratu genituen.

Lekaroz, Arizkun, Azpilkueta, Irurita eta Elizondoko sagarren kupelak dastatzeko aukera izanen da.

Urtarrilaren 19an Nafarroako txotx irekiera eginen duzue Larraldean. Dena prest?

Bai, horretan ari gara… falta ez duguna animoa, gogoa eta motibazioa da. Hori bai inportantea!

Zergatik aukeratu dute Larraldea irekiera ofizialerako?

Nafarroako Sagardogileen elkarteak erabaki du. Guk ilusioa genuen, ireki berriak gara eta. Horrela erabaki genuen eta denak ados ginen.

Nork eginen du lehen txotxa?

Oraingoz ez dugu publiko eginen nork eginen duen lehen txotxa… sekretua da!

Nolako aurreikuspena denboraldi honetarako?

Denboraldi ona izatea espero dugu. Urtarrilaren 20tik aitzinerat irekiko dugu sagardotegia ortzirale gauetan, larunbat eguerdi eta gauetan eta igande eguerditan. Gainera, 15 lagun baino gehiagoko taldea baldin bada, asteko edozein egunetan irekiko dugu, aitzinetik erreserbatuta.

Txotx denboraldiaz gain, udan ere otorduak ematen dituzue, ezta?

Bai, iaz abuztuan ireki genuen eta bisitak egin genituen Gamioxarrean. Aurten ere oraingoz asmo bera dugu. Informazio osoa larraldea.eus webgunean dago.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Jendea animatu nahi dugu etortzera. Giro ederra dugu sagardotegian, bertako produktuak eta sagardo naturala; zero kilometrokoa, kooperatiboa, ekologikoa, artisaua, nafarra… sagardo honek ez du bestondorik uzten!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun