Baztango Udalak Nekazaritza Politika Bateratuaren akordioa onetsi du

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 13:00

Behiak Erdizen. Argazkia: Valledebaztan.com

Hektarea komunalak pertsona edo sozietate eskatzaileei nola banatu arautzea du helburu akordioak. Araudia azaltzeko batzarrak eginen dituzte hurrengo asteetan Baztango hainbat herritan

Urtarrilaren 2an aurtengo Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB/PAC) akordioa onetsi zuen Baztango Batzar Nagusiak aho batez. Mendi irekiko herri lurrak eskatzaileen artean nola banatu arautzen duen akordioa da, NPBtik eratorritako dirulaguntzak izapidetzean deklaratu daitezen. Horretarako, azken hilabeteetan Batzar Nagusiko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte irizpideak finkatzeko.

Onuraduna izateko, orain arte bezala, derrigorrezkoa izanen da Baztango ustiategien erroldan agertzea, eta biztanleen erroldan bi urteko antzinatasuna betetzea. Sozietateen kasuan, helbide fiskala Baztango udalerrian egotea ezinbertzekoa izanen da.

Hektareen banaketa proposamenak haztapen positiboa du lehen instalazioko proiektua duten abeltzain gazteendako, baita sektoreko profesionalak diren eskatzaileendako ere. Horrela, ATPak, lehentasunezko ustiategiak eta gazteak positiboki ponderatu nahi dituzte. Hau da proposatutako haztapen sistema:

  • Ez profesionalak: Oinarria
  • ATP (ez lehentasunezkoa): Oinarria + % 10
  • Lehentasunezko ustiategia: Oinarria + % 20
  • 1. instalazioaren ustiategia: Oinarria + % 70

Sozietateen kasuan, bazkide bakoitzari adierazitako taula aplikatuta kalkulatuko da haztapena.

NPB kanpaina hasi aitzinetik, laguntza eskatu duen pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da udaletxean. Horretarako, adierazpenaren eredu bat paratuko dute eskatzaileen eskura. Bertan, eskatzaileak zehaztu beharko du zenbat abelburu eta zein motatakoak dituen, eta non alhatzeko asmoa duen, hau da, Baztango bazkalekuetan (Erdiz, Belate, Lizartzu…) edo larrean. Aurkezteko epea aldez aitzinetik jakinaraziko dute.

Hekatareen onuradun izateko, guttieneko egun kopuru bat eskatuko dute larrean edo bazkalekuetan alhatzeko. Behiek eta ardiek guttienez bi hilabete eta erdi eman beharko dituzte komunalean, eta zaldi aziendek guttienez lau hilabete. Animalia bera ezinen da bi aldiz zenbatu (bata larrean eta bertzea bazkalekuan), baina epea zenbatzeko, kontuan hartuko da itxitura komunal bateko eta larreko egonaldiaren batura.

Aziendak bazkalekuetan basozainen presentzian sartuko dira, eta sartzeko egunak ordenantzetan daudenak izanen dira. Horiei, kasu bakoitzeko, hurrengo larunbata gehituko zaie. Hektareak esleitzeko muga, orain arte bezala, 200 hektareakoa izanen da eskatzaile bakoitzeko.

NPBaren araudi osoa azaltzeko, batzarrak eginen dituzte Baztango hainbat herritan:

  • Urtarrilak 20: Amaiurko Otsondo gelan 12:00etan
  • Urtarrilak 21: Anizko Batzar gelan 12:00etan
  • Urtarrilak 26: Elizondoko Arizkunenean 12:00etan
  • Urtarrilak 27: Iruritako Gizarte Bilgunean 12:00etan
  • Urtarrilak 28: Elizondoko Arizkunenean 12:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun