Urtero bezala, martxan da euskal literatura beltza sustatzea helburu duen (H)ilbeltza beka, Baztango Udalak, Txalaparta argitaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak antolatua. Iaz nobela baten idazketa saritu zutenez, VIII. deialdiak eleberri baten itzulpena lagunduko du. Zehazki, Núria Cadenes idazle katalanaren Guillem nobela beltza itzuli beharko da.
Beka 6.000 eurokoa izanen da, bi zatitan emanen dena. Parte hartu nahi dutenek eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute. Laginak eta lehiaketaren oinarriak eskuragarri daude ilbeltza.eus, baztan.eus eta txalaparta.eus webguneetan.
Itzulitako lanak martxoaren 8ra arte aurkezten ahalko dira Baztango Udaleko erregistroan. Epaimahaiko kideak Baztango Udaleko Fernando Anbustegi, Txalaparta argitaletxeko Garazi Arrula Ruiz eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutako Beñat Irastorza izanen dira. Bekaren irabazlea apirilaren 30a baino lehen jakinaraziko dute, eta horretarako kontuan hartuko dute aurkeztutako laginen kalitatea, aberastasuna eta sorburu testuarekiko baliokidetza, baita sorburu hizkuntzatik zuzenean itzultzea ere.
Zazpi lan saritu
Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Iazko irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, Zorigaiztoko proiekturekin, eta aurtengo abenduan argitaratuko dute bere eleberria.