Familiendako mozorro tailerra eginen dute hurrengo hiru asteetan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 10a, 08:00

5-11 urte bitarteko haurrei eta haien familiei dago zuzendua ikastaroa. Freepik.com

Amaia Zinkunegik gidatuko du ikastaroa eta hiru saioa eginen dituzte; urtarrilaren 20an, 27an eta otsailaren 3an

Baztango Udaleko Kultura Zerbitzuak familiendako mozorro tailerra antolatu du hurrengo hiru asteetan Arizkunenean. Urtarrilaren 20an eta 27an eta otsailaren 3an izanen dira saioak, 10:00etatik 13:00etara. Amaia Zinkunegi izanen da tailerreko irakaslea eta 5-11 urte bitarteko haurrei eta haien familiei dago zuzendua.

Taldeak gehienez 16 eta guttienez 8 partaide izanen ditu, eta prezioa izena ematen duten partaideen arabera aldatuko da. Baztanen erroldatuak daudenen kasuan 2 partaiderekin 36 euro ordaindu beharko dituzte, 3 partaiderekin 48 euro eta 4 partaiderekin 60 euro. Erroldatu gabeak, berriz, 2 partaiderekin 40 euro, 3 partaiderekin 60 euro eta 4 partaiderekin 80 euro ordaindu beharko dituzte.

Izena emateko epea urtarrilaren 15era arte dago zabalik, 07:30etik 15:00etara 948 581 279 telefonora deituta edo korreoz kultura@baztan.eus helbidera idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun