(H)ilbeltzak X. Euskal Nobela Beltzaren Astea eginen du ilbeltzaren 22tik 28ra

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 9a, 12:00

Hamargarren edizioa izanen da aurtengoa eta egitarau oparoa prestatu dute hilabeteko azken astera begira, astelehenetik igandera

Ilbeltzak 22, astelehena

Idazleekin Solasean eginen dute Arizkunen, VI. (H)ilbeltza bekako irabazlea den Beñat Irastorza Ugalderekin. Fred Vargasen Altxa hildakoak eleberriaren itzulpena egin du Irastorzak. 19:30ean Medikuaren etxean izanen da solasaldia.

Ilbeltzak 24, asteazkena

Klasikoaren txanda izanen da Anizen; Miren Agur Meabek Eusebio Erkiaga: Arranegitik bertze auzo batzuetara solasaldia aurkeztuko du. 19:00etan Mendiarte elkartean bilduko dira.

Ilbeltzak 25, ortzeguna

Solasaldia izanen dute Berroetan Jon Alonsorekin, Carvalho Euskadin liburuaren inguruan. Irati Jimenez izanen da elkarrizketatzailea. 19:00etan Gure Ametsa elkartean bilduko dira.

Ilbeltzak 26, ortziralea

Mirande, film baterako zirriborroa dokumentala proiektatuko dute Iruritan Josu Martinez zuzendariarekin. 19:30ean Gizarte Bilgunean izanen da emanaldia.

Ilbeltzak 27, larunbata

Egun guziko jardunaldia izanen dute Elizondon eta Erratzun. 11:00etan Sorgin-ehiza Euskal Herrian mahai-ingurua eginen dute Arizkunenea kultur etxean. Ane Esalava izanen da moderatzailea eta Amaia Nausia Pimoulier, Asisko eta Juainas Paul Arzak hizlariak. 14:00etan bazkaria eginen dute Erratzuko Elkartean, eta parte hartu nahi dutenek ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskatzen ahal dute txartela. 17:00etan hiru libururen aurkezpenak eginen dituzte: Ernesto Praten Mendeku eskubidea, Mikel Begoñaren Hiru etxe Santa Monikan eta Xabier Lasaren Ura ez baita beti gardena. Eguna akitzeko, 18:30ean Eblatz: Susmagarrien gaua eginen dute Erratzun barna.

Ilbeltzak 28, igandea

Goizean Erraiak etsai itzuli beltza eginen dute Beartzunen, 10:30ean Elizondoko plazatik abiatuta. 19:00etan, berriz, Izu-gar-irrizko bertso saioa izanen da Arizkunenean; Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza izanen dira kantari, Amaia Agirreren gidaritzapean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun