Jose Manuel Iñarrea erratzuarrak Kilimanjaro mendia igoko du Dravet eritasunari ikusgarritasuna emateko

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 9a, 08:00
Iñarrea Alpeetako Cervino tontorrean (4.478 metro) 2021ean.

Otsailaren 5ean hasiko du Afrikako gailurrik altuenaren igoera eta 6an kaskorat ailegatzea aurreikusi du

2019an hasi zen Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarra munduko mendi altuenak igotzen, Apoyo Dravet elkartearen banderatxoa tontor altuenetarat eramanez, Dravet sindromeari ikusgarritasun emateko. 2.000 metrotik goitiko 50 mendi tontor baino gehiago igo ditu orain arte, haien artean Aconcagua (6.961 metro), Mont Blanc (4.809 metro), Cervino (4.478 metro) eta Atlas mendikatea.

Iaz Piriniotako bortz mendi adierazgarri bortz egunetan igotzea izan zuen erronka; abuztuaren 21etik 25era Aneto (3.404 metro), Posets (3.368 metro), Monte Perdido (3.355 metro), Vignemale (3.298 metro) eta Balaitus (3.144 metro) gailurrak igo zituen.

Aurten Afrikako mendirik altuenera igotzea du helburu; Tanzaniako Kilimanjaro gailurra (5.895 metro). Igoera otsailaren 5ean hastea aurreikusi du, eta asmoa 6an kaskoraino ailegatzea du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun