Hiru Errege Magoen bisita izanen dute gaur arratsaldean Baztanen eta desfilearekin laguntzeko, parte hartu nahi duten haurrak 16:30ean Baztan pilotalekurat joateko eskatu dute. Bertan, beztitu eta merienda emanen diete. Helduek, berriz, 17:30ean joan beharko dute beztitzera.
19:00etan abiatuko da desfilea eta euria emana denez, plastikozko pontxoekin aterako dira. Guttieneko ibilbidea frontoitik abiatu, zahar etxetik pasatu eta plazaraino izanen da. Euri gehiegi egiten ez badu, ordea, Virgilio denaraino joanen dira eta Jaime Urrutia karrikatik eginen dute itzulia.