Baztango eskuz binakako 42. pilota txapelketako txapelak banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 3a, 09:00

Baztango 42. pilota txapelketan parte hartu zuten hainbat pilotari, antolatzaile eta laguntzaileekin batera Elizondoko Baztan pilotalekuan. Argazkia: Foto Zaldua

Denera 184 bikotek parte hartu dute urrian hasitako txapelketan eta abenduaren 17an jokatu zituzten finalak Elizondon eta Iruritan

Txaruta pilota elkarteak antolatutako Baztango 42. Eskuz binakako pilota txapelketaren finalak abenduaren 17an jokatu zituzten Elizondon eta Iruritan. Urriaren 6an hasita, Euskal Herriko eta Errioxako 184 bikotek parte hartu dute txapelketan eta Elizondo, Irurita, Almandoz, Amaiur, Erratzu, Arizkun, Oronoz, Arraioz eta Anizko pilotalekuetan jokatu dituzte partidak.

Elizondon jokatutako finaletan, umeak A mailan, Tolosako Ekhi Altunak eta Oier Bengoetxeak 18-17 irabazi zieten Lantzeko Ibai Ziganda eta Iruritako Mikel Agerralderi; kimuak A mailan, Oronozko Egoi Otxandorenak eta Urdazubiko Julen Agestak 18-11 irabazi zieten Bergarako Inar Olanori eta Amets Agirreri; haurrak A mailan, Hernaniko Aratz Labakak eta Oier Arsuagak 18-9 irabazi zieten Oberenako Eneko Rekalderi eta Atarrabiako Sergio Santestebani; kadete A mailan, Hernaniko Ekhi Osesek eta Markinako Unax Ibarzabalek 18-8 irabazi zieten Azpeitiko Ioritz Arsuagari eta Jokin Artetxeri eta gazte mailan, Villabonako Joanes Zestauk eta Elizongoko Ugaitz Apeztegiak 22-14 irabazi zieten Aegiko Harkaitz Muruari eta Mikel Iturriotzi.

Iruritan jokatutako finaletan, berriz, umeak B mailan, Atarrabiako Eneko Otamendik eta Abel Zabaletak 18-1 irabazi zieten Iruritako Axier Gamiori eta Elizondoko Nikola Alemani; kimuak B mailan, Leitzako Egoi Zabaletak eta Amets Olaizolak 18-14 irabazi zieten Barañaingo Iker Bengoetxeari eta Joseba San Romani; haurrak B mailan, Naxarako Sergio Petacak eta Villabonako Xuban Illarramendik 18-15 irabazi zieten Iruritako Oihan Brañari eta Urdazubiko Ibai Agestari eta kadete B mailan, Leitzako Egoi Bidart-ek eta Oinatz Alkortak 18-8 irabazi zieten Arbizuko Asier Zubiriari eta Pello Gorraizi.

Finaletara Iñaki Artola eta Ander Maiza pilotariak agertu ziren eta Javier Conde, Nafarroako Pilota Federazioko lehendakariarekin eta Fernando Anbustegi Baztango alkatearekin batera banatu zituzten sariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun